- Garapenerako lankidetzako proiektuetarako laguntzek bi milioi euro gehiago izango dituzte iazkoarekin alderatuta
- Deialdia maiatza bukaeran argitaratuko da
eLankidetza-Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailean dagoena, garapenerako lankidetzako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia egingo du aurki. Guztira, 34 milioi euro bideratuko ditu, aurreko urtean baino bi milioi gehiago, desberdintasunei aurre egiteko eta herrialde pobretuetako biztanleen bizi baldintzak hobetuko dituzten ekimen solidarioak diruz laguntzeko.
Deialdia, maiatzaren bukaeran argitaratuko dena, GGKEei zuzenduta dago eta hiru modalitatetan banatzen da: garapenerako lankidetzako proiektuak; garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuak, eta gizartea eraldatzeko hezkuntza proiektuak.
eLankidetzak funtsen %20 Saharaz hegoaldeko Afrikan gauzatutako proiektuetarako gordeko ditu eta %10 emakumeen ahalduntzea eta genero desberdintasunak ezabatzeko ekimenetarako. GGKEek hilabeteko epea izango dute proiektuak aurkezteko, EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Hiru lan-ildotarako laguntzak
Garapenerako lankidetzako proiektuetarako lan-ildoarako 27,6 milioi euro bideratuko dira guztira. Proiektuek balioko dute pobreziaren eta desberdintasunen aurka borrokatzeko eta Hegoko herrialdeetan ahalduntze prozesuak indartzeko.
2022an, eLankidetzak 26 milioi euro bideratu zituen 22 herrialdetako tokiko erakundeekin lan egiten duten Euskadiko GGKEen 51 proiektuetara. Horien artean, nagusiak ziren honako hauek: emakumeen ahalduntzerako eta horiek jasaten dituzten indarkeria anitzen aurkako borrokarako; eragin politikoan eta pertsonen eta komunitateen eskubideen indartzeko, edo juntu eta jasangarria den produkzio bat garatzeko Guatemala, Mexiko, Kolonbia, Senegal edo Ruandan bezalako herrialdeetan.
Garapen produktiboko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuei dagokionez, iaz bezala, 1,2 milioi euro bideratu ziren. Guztira, lau proiektu onartu ziren Ekuadorren, Kolonbian, Kuban eta Brasilen.
Azkenik, aurten gizarte-eraldaketarako hezkuntzako proiektuetarako aurrekontua handitzea aurreikusten da. Laguntzek 5,2 milioi euroko aurrekontua izango dute, iaz 4,8 milioi euroen aldean. Ekimen horiek Euskadin egingo dira, eta euskal herritarren elkartasuna bultzatzeko eta beste errealitate batzuk ezagutarazteko izango dira.
2022an, 22 proiektu onartu ziren. Laguntzei esker, GGKEek hainbat gai jorratzen ari dira herritarren artean, hala nola elikadura burujabetza, ingurumena, kontsumo arduratsua, feminismoak, hizkuntza gutxituak edo giza eskubideak.