Euskadiko Lanbide Heziketako ikasleak beren trebetasunak erakusten ari dira Euskoskills 2023 Txapelketan

PRUEBA
  • Irungo Ficoban elkarturik, Euskadiko Lanbide Heziketako 48 ikastetxetako 250 ikasle ari dira lehian bi egunez 28 modalitateetan, “Lanbide Heziketako Olinpiadetan

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordea EuskoSkills 2023 Lanbide Heziketako Txapelketaren hasieran izan da gaur goizean, Irunen. Txapelketa bi egunez egingo da Irungo Ficoba erakustazokan.

Erakustazokan, gaur eta bihar (maiatzak 10 eta 11), Lanbide Heziketako 48 ikastetxe publikotako zein itundutako 250 ikasle lehiatuko dira 2023ko EuskoSkills txapelketaren 28 modalitateetako batean. Aurtengo txapelketan, gainera, ikasle horien 155 tutorek ere parte hartzen dute, 28 koordinatzailerekin batera, lehiaketa-kategoria bakoitzeko bat. Koordinatzaileak ere irakasleak dira.

2023ko edizio honetan, 29 enpresa laguntzailez gain, Euskadiko Lanbide Heziketako zenbait ikastetxek ere parte hartzen dute ekitaldiaren antolakuntzan eta garapenean. Horretan ari, esaterako, Donostiako Zubiri Manteo Institutua. Bertako Turismoko ikasleek harrera lanak egiten dituzte erakustazokako eremuan, eta bisita gidatuez ere eurak arduratzen dira. Somorrostro Heziketa Zentroak streaming bidez eskaintzen ditu lehiaketak eta Ficoban bizi den giro guztia, zuzeneko telebista programa bat bertatik eginez. Bestalde, Leioako Ostalaritza Eskola txapelketan parte hartzen ari diren ikasleen otorduez (cateringa) arduratzen da.

Bi egun hauetan, gainera, EuskoSkills txapelketak DBH-ko eta Lanbide Heziketako ia 1.300 ikasleren bisita jasoko du Ficoban. Txapelketa nola ari den burutzen hurbiletik jarraitzeko bertaratuko dira, bai eta aldi berean Euskadiko Lanbide Heziketak egun eskaintzen duen titulazio eta ziklo aukera zala ezagutzera ere, horietako bakoitzak berezko dituen jarduerak bertatik bertara ikusi ahal izango baitituzte.

Trebetasun profesionalak

Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bi urterik behin antolatzen duen lehiaketa da EuskoSkills, Lanbide Heziketako zikloetan matrikulatutako ikasleentzat. Ikasten ari diren zikloarekin lotutako lehiaketetan hartzen dute parte ikasleek. Horretarako ezinbestekoa da parte-hartzaileek 2024ko abenduaren 31 baino lehen 22 urte baino gehiago ez izatea, hau da, 2002ko urtarrilaren 1a baino geroago jaiotakoak izatea. Kategoria batzuen kasuan (Mekatronika, Industria 4.0, Cloud Computing, Zibersegurtasuna eta Elkarlan Robotika) adin-muga 25 urtekoa da.

Lehiaketan parte hartzen duten ikasleek frogatu behar dute ikasten ari diren heziketa-zikloaren berezko trebetasunak eta gaitasunak menperatzen dituztela eta, horretarako, zenbait proba bete behar dituzte egun eta erdian. Hala ere, EuskoSkills txapelketan, lanbidearen edo sektorearen gaitasun teknikoez gain, ikasleak proba amaitzeko baliatu behar dituen zeharkako beste gaitasun batzuk ere baloratzen dira. EuskoSkills lehiaketan Ikasleak eroso dagoen eremutik irten beharra du, bere balio profesionala eta pertsonala erakusteko.

Ekimen honen helburu nagusia da, txapelketen bidez, jabetzea gaitasunek eta konpetentzia-maila handiek funtsezko ekarpena egiten dutela arrakasta profesionala lortzeko eta nork bere burua garatzeko. Era berean, EuskoSkills txapelketa aukera paregabea da Lanbide Heziketaren eta bere lanbide-arloen aniztasuna euskal gizartean sustatzeko. “Lanbide Heziketako olinpiada” hauetan parte hartzea, halaber, motibazio berezia da ikasleentzat ere, eta bilgune egoki bihurtzen da Euskadiko beste ikastetxe batzuetako ikasleekin elkarbizitzeko eta harremanak estutzeko.

28 kategoria

EuskoSkills 2023 txapelketa 28 kategoriatan ari da garatzen. Txapelketaren modalitate bakoitzean erreferentziako Lanbide Heziketako ikastetxe bat aukeratzen da, eta ikastetxe horretako irakasle bat da modalitate horren antolaketaren arduraduna. 2023an kategoria hauetan ari dira lehiatzen:

  • Mekatronika
  • Diseinu mekanikoa-CAD
  • CNC-Fresaketa
  • Soldadura
  • Karrozeria-konpontzea
  • Elektronika
  • Web-garapena
  • Instalazio elektrikoak
  • Industria-kontrola
  • Ebanisteria
  • Zurgintza
  • Ile-apainketa
  • Estetika
  • Automobilaren teknologia
  • Sukaldaritza
  • Jatetxe eta taberna zerbitzua
  • Automobilaren pintura
  • Sareko sistemen administrazioa
  • Arreta soziosanitarioa
  • Okintza
  • 3D jokoen eta animazioen diseinua
  • Elkarlan-robotika
  • Industria 4.0
  • Erakusleiho-apainketa eta ikusizko merkaturatzea
  • Mugikorretarako aplikazioak garatzea
  • Cloud computing
  • Zibersegurtasuna
  • Laborategi kimikoko teknologia

Kategoria bakoitzeko ikasle irabazleak Euskadi ordezkatuko du 2024ko urtarrilean Madrilen egingo diren SpainSkills estatuko txapelketetan. Eta bertan irabazle suertatzen badira, EuroSkills txapelketetan eta munduko txapelketetan (WorldSkills deiturikoan) lehiatu ahal izango dira.

2021eko urrian ospatu zen EuskoSkilks txapelketaren aurreko edizioko irabazleek SpainSkills txapelketan parte hartu zuten 2022an eta Euskadi bigarren geratu zen 17 autonomia erkidegoen artean. Urrezko hiru domina, zilarrezko hiru eta brontzezko bat lortu zituzten. 2022ko SpainSkills-en urrezko domina lortu zuten lehiakideek 2022ko WordSkills-en parte hartu dute, eta 2023ko EuroSkills-en ere parte hartuko dute, Polonian. (World eta Euro edizioak atzerapenarekin ari dira egiten, pandemiaren ondorioz).

Informazio gehigarria