Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendari Juan Alberdik gaur Zumaian nabarmendu duenez, tokiko garapen-agentziek zeregin garrantzitsua dute garapen ekonomikoa sustatzeko politika publikoak kalean bertan inplementa daitezen errazteko eta “Euskadiko eta Europako instituzioen arteko lankidetza ahalik eta ondoen aprobetxatzen dela bermatzeko”.
Aintzatespen-hitz horiekin eman zaio amaiera 7 urte arrakastatsu bete dituen eta 2.142 parte-hartzaile izan dituen Hazilan lan-munduan txertatzeko programa ixteko ekitaldiari.
Garapen – Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta tokiko hogei bat garapen-agentziak kudeatzen dute programa hau, eta Euskadiko gazteen eta enpresen eskaerei erantzuten die, lan-munduan txertatzea eta ekonomia garatzea sustatzeko tresna gisa. Izan ere, gaur Zumaiako Alondegia Kultur Etxean aurkeztutako balantzean azpimarratu denez, programa honen bidez enpresa-praktikak egin dituzten pertsonen % 74k lan-merkatuan sartzea lortu dute.
Bere hitzaldian, Alberdik nabarmendu du tokiko garapen-agentziek berebiziko garrantzia dutela Euskadik aurre egin behar dien eraldaketa globalak bultzatzeko. Nabarmendu duenez: “eraldaketa horietan sartu behar ditugu enpresa txikienak, autonomoak, saltoki txikiak eta mota guztietako tokiko eragileak”. Bere ustez, zeregin horren euskarria da agentzia horiek duten “balio handiko aktiboa”, enpresak ezagutzen dituztelako eta haiengandik gertu daudelako.
Ekitaldi horretan, Alberdik Plus 2021-2027 Europako Gizarte Funtsaren aldi berria jakinarazi du. Aldi horretarako, guztira 197 milioi eurotik gorako jarduketak biltzen dira —horietatik 79 milioi Europar Batasunak jarriko ditu—, eta 90.000 pertsona baino gehiagori arreta ematea aurreikusi da.
Ekitaldiaren azken zatian, Alberdik diplomak eman dizkie programan parte hartzen duten agentziei. Hazilan+ proiektuak jarraipena emango dio programari, eta horren deialdian dagoeneko lanean ari da Garapen.