- Aurrez hautatutako pertsonen profilak proiektuen ezaugarrietara egokitzen diren baloratuko da egonaldia
- Gehienez ere 100 pertsona hautatuko dira Euskadiko GGKEek Hegoaldeko herrialdeetan garatzen dituzten proiektuak zuzenean ezagutzeko
- Hautatutakoek Euskadiko 17 GGKEri dagozkien 37 proiektuetako batean parte hartu ahal izango dute
- Hogeita hamar urteko historian, 2.400 gazte inguruk hartu dute parte programan, eta Euskadiko eta Hegoaldeko 100 GGKE baino gehiago aritu dira lankidetzan
22 eta 30 urte bitarteko 146 gaztek parte hartuko dute asteburu honetan Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren 2023ko edizioko parte-hartzaileak hautatzeko jardunaldietan. Jardunaldi horiek Barriako aterpetxean egingo dira.
Programa hori Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Elankidetza Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatu eta antolatu dute, eta Euskadiko gazteak hegoaldeko herrialdeetako lankidetza-ekintzetan sentsibilizatzea eta herrien eta kulturen arteko elkartasun-kultura sustatzea du helburu.
Amerika, Afrika eta Asiako herrialdeetan lankidetza-ekintzak garatzeko aurrez hautatutako 146 lagunetatik 114 emakumeak dira eta 32 gizonak; jatorriari dagokionez, 22 Arabakoak dira, 75 Bizkaikoak eta 49 Gipuzkoakoak.
Aukeraketa
Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren Hautaketa Batzordeak 146 gazte hautatu zituen apirilaren 26an Barriako foru-aterpetxean maiatzaren 12tik 14ra egingo den hautaketa-fase horretan parte hartzeko. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren, Gazteria Zuzendaritzaren, Gazteriaren Euskal Kontseiluaren eta hainbat GGKEren ordezkariek osatzen dute hautaketa batzorde hori.
Asteburu honetan, aurrez hautatutakoen egokitasuna baloratuko da, Euskadiko GGKEek aurkeztutako proiektuen arabera. Horretarako, eta gehienez ere ehuneko 50eko balorazioarekin, garatzen diren dinamika eta jardueretan parte hartzen dutenen ekarpena ebaluatuko da, baita proiektuan sartzeko gaitasuna, trebetasun pertsonalak, motibazioak eta abar ere. Bestalde, eta gehienez ere % 50eko balorazioarekin, kontuan hartuko da aurrez hautatutakoen profila bat datorren hautatutako lankidetza-proiektuen ezaugarriekin.
Jardunaldian zehar, Batzordeak prestakuntza-fasean parte hartuko duten 100 titular hautatu beharko ditu gehienez, eta, era berean, ordezkoak ezarriko dira, uko egiterik balego ere. Maiatzaren 15ean, www.gazteaukera.eus webgunean argitaratuko da hautatutakoen zerrenda.
Hautatuak izan daitezkeenen profilak askotarikoak izan daitezke, eta lankidetza-proiektuen beharrei erantzun behar diete: hezkuntza, gizarte-lana, psikologia, berdintasuna, monitoreak, komunikazioa eta diseinua, informatika, erizaintza, ingeniaritza, nekazaritza, mekanika edo elektrizitatea, besteak beste.
Trebakuntza aldia
Programan parte hartuko duten 100 lagunak hautatu ondoren, maiatzaren 20an eta 21ean prestakuntza aldia egingo da, Barriako aterpetxean hori ere, gazteak prestatu eta kontzientziatzeko eta, aldi berean, esleitutako proiektua ezagutzeko.
Besteak beste, prestakuntzak honako gai hauek jorratuko ditu: garapenerako lankidetza, GGKEen zeregina, berdintasuna eta garapena, herrialdeen segurtasuna, Garapen Jasangarrirako Helburuak… Prestakuntza hori Elankidetza, EGK, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak eta GGKEek emango dute.
Ekainaren amaieran banatuko dira hegaldi-txartelak, eta uztailaren hasieran hasiko dira esleitutako proiektu bakoitzera abiatzen, aurreko edizioetan parte hartu zuten lagunek jasotako testigantza guztien arabera, bai arlo pertsonalean, bai gainerako bizitzarako erreferentziakoa izango den esperientzia aberasgarria bizitzeko.