Eusko Legebiltzarreko Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordeko ordezkaritza batek Lehiaren Euskal Agintaritzaren (LEA/AVC) egoitza bisitatu du gaur goizean lehenengo aldiz, Bilbon. Honako hauek osatu dute: Luis Ignacio Gordillo presidentea (Grupo Vasco Popular-Ciudadanos); Itxaso Berrojalbiz (Euzko Abertzaleak) eta Jon Andoni Atutxa bokalak (Euzko Abertzaleak); Ibai Iriarte (EH Bildu) eta David Soto (Elkarrekin Podemos) legebiltzarkideak; eta Juan Carlos Areizaga batzordeko abokatua.
Bertan izan dira Alba Urresola Lehiaren Euskal Agintaritzako presidentea; Enara Venturini eta Rafael Iturriaga Lehiaren Euskal Kontseiluko kideak; Anton Bikandi LEA/AVCko Ikerketa zuzendaria; eta Ainara Herce erakunde autonomoko idazkari nagusia.
Bisita bat dator LEA/AVCk 2023ko Ekintza Planean sartu dituen helburuetako batzuekin, hala nola “erakunde- eta enpresa-harremanak indartuz gizartera hurbiltzea”, eta horren barruko zenbait ekintzekin, hala nola “lotutako erakundeekin sinergiak lantzea”. LEA/AVCk egiten duen lana zabaltzen ere laguntzen dute horrelako ekimenek, bai eta erakundeei bere jardueraren eragina hurbiltzen ere.
Lehiaren Euskal Agintaritzari buruz
Lehiaren Euskal Agintaritza erakunde autonomoa da, administrazio-izaerakoa, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia, eta bere jarduera independentzia organiko eta funtzionalarekin garatzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan. Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan gauzatzen diren jarduera ekonomikoei dagokienez, merkatuan lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea du helburu.