Euskadiko landa nahiz itsasertzeko ingurunea dinamizatzeko gizarte-ekitaldiak antolatzeko laguntzen deialdia martxan dago, 200.000 euroko zuzkidurarekin

PRUEBA
  • Laguntzen xedea da ekitaldi berriak sustatzea eta eremuan efektu dinamizatzailea eta ekonomikoa duten ekitaldiak finkatzea
  • Deialdi honen bidez landa nahiz itsasertzeko ingurunearen babesa hedatuko da disziplina anitzeko ikuspuntu baten bidez, eta, aldi berean, biztanleen bizi-kalitatea mantenduko da eta ekonomiaren garapena ahalbidetuko da 

Eusko Jaurlaritzaren kontseiluak, gaurko bileran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren agindua onetsi du. Agindu horren bidez 2023an Euskal Autonomia Erkidegoko landa nahiz itsasertzeko ingurunea dinamizatuko duten gizarte-ekitaldiak sustatzera bideratutako laguntzen deialdia egin da.

Deialdiak hainbat alderdi sustatzea du helburu: landa nahiz itsasertzeko jardueren finantzaketan sektore pribatua eta publikoaren parte»hartzea sustatzea, ekitaldi berriak antolatzea eta eragin positiboa dutenak finkatzea, eremuan inpaktu ekonomikoa eragiteko xedez.

Laguntzen zenbatekoa 200.000 eurokoa da eta EAEko landa nahiz itsasertzeko eremuko gizarte-ekitaldietan sustatzaile gisa aritzen diren pertsona fisiko edo juridiko publiko zein pribatuek eska dezakete.

Diruz lagundu daitezkeen ekitaldiak

2023an garatzen diren ekitaldiak lagunduko dira diruz, hala nola lehiaketak, jardunaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, lehiaketak, konferentziak, erakusketak, musika-ikuskizunak, antzerkia, dantza, bertsolaritza edo emanaldiak, betiere eremuan duen eragin dinamizatzailea eta efektu positiboa agerian gelditzen bada.

Efektu dinamizatzailea eta eragin ekonomikoa ebaluatzeko, honako hauek hartuko dira kontuan: ekitaldiaren iraupena, antolatzeko erabili diren tokiko baliabideak edo tokiko edo eskualdeko eremuko beste jarduera batzuetan eragin den gastua.

Ez dira diruz lagunduko deialdi honetan nekazaritzako jarduerarekin zuzeneko lotura duten ekitaldiak, hala nola nekazaritzako elikagaiek azokak eta merkatuak edo tokiko jaiak. 

Diruz lagundu daitezkeen gastuak

Laguntzen zenbatekoa ezin izango da jardueraren % 60 baino gehiago izan, eta ezin izango da 20.000 eurotik gorakoa izan.

Eskaerak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean irekiko da, eta aurrekontua agortzen denean edo 2023ko azaroaren 30ean bukatuko da.

Laguntza izapidetzeko jarraibideak eta eskaera-inprimakiak jasotzen  https://www.euskadi.eus/servicios/1017305