Hezkuntza Sailak hezkuntza zientifiko-teknologikoko euskal jardunbiderik onenen III. Steam Euskadi Sariak banatu ditu

PRUEBA
  • Sarien hirugarren edizioan, honako hauek sustatutako proiektuak saritu dira: Botikazar BHI, Etxebarri BHI, Calasanz Lanbide Ikastetgia, UPV/EHU, PuntuEus Fundazioa eta Global Shapers Bilbao elkarteak sustatutako proiketuak
  • Guztira, 126 ekimen aurkeztu dira zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzen dituzten eta Eusko Jaurlaritzak Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan antolatzen dituen sari hauetan
  • Aurkeztutako ekimen guztien artean, 86k lortu dute STEAM Euskadi zigilua, STEAM Hezkuntzaren izaera nabaria aitortzen duena

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskadin STEAM Hezkuntza sustatzeko egiten ari diren jardunbiderik onenak saritzen eta agerian jartzen dituzten III. STEAM Euskadi Sariak banatu ditu gaur. Sariak Hezkuntza Sailaren STEAM Estrategiaren barruan kokatuta daude, eta zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteei eta giza zientziei lotuta– bultzatzea dute helburu. STEAM honako honen ingelesezko akronimoa da: Science, Technology, Engineering, Arts & Mathematics.

Sailburuarekin batera, Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosak eta Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok ere hartu dute parte ekitaldian. Berrikuntzaren Euskal Agentziatik berriz, bertako berrikuntza arduradun Alaitz Landaluzek hartu du parte.

STEAM Euskadi Estrategia

Sariak banatzeko ekitaldian, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ekimen hau bere baitan hartzen duen STEAM Euskadi Estrategia bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Ildo horretan, gaur egun ikasketa batzuen edo besteen alde egiteko orduan dagoen genero-joera ere hizpide izan du. “Ikasle batzuk diziplina zientifiko eta teknikoetatik urrun sentitzen dira, eta hori bereziki nesken artean gertatzen da. Generoen arteko desoreka hori zuzendu beharrean gaude. Errealitate horri aurre egin nahi diogu”, adierazi du.

Sailburuaren esanetan, ikasleen artean –eta bereziki nesken artean- bokazio zientifiko eta teknologikoak pizteko zeregin horretan funtsezkoa da STEAM Euskadi Estrategia. “Gure ikasleek informazio guztia izan behar dute, ezagutzaren esparru guztiak ezagutu behar dituzte. Modu horretan soilik, ezagutzarekin, aukeratu ahal izango dute ze ikasketa ikasi nahi duten”

Nabarmentzekoa da, berritasun gisa, aurten sariketak kategoria berri bat izan duela –unibertsitate eta Lanbide Heziketako Ikastetxeei zuzendua- aurreko urteetako bi kategoriekin batera. Ondorioz, Hezkuntza Sailak saritara bideratzen duen diru-kopura ere ugaritu egin da, 12.000 eurotik 18.000 eurora.

Saritutako ekimenak

Sarietarako deialdia Hezkuntza Sailak egiten du Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Hirugarren edizio honetan, honako kategoria hauetan banatu dira sariak:

  • Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak
  • Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak
  • Erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

Kategoria bakoitzean lehen sari bat (3.000 eurokoa), bigarren sari bat (2.000 eurokoa) eta 1.000 euroko aipamen berezi bat banatu dira, genero ikuspegia aintzat hartuta azken hori. Kasu guztietan, saritan jasotako dirua STEAM ekintzetara bideratu beharko da.

Honako ekimen hauek saritu dira STEAM Euskadi Sarien hirugarren edizioan:

Kategoria: Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

LEHEN SARIA, eta aipamen berezia genero ikuspegiari:

Proiektua:      Zer jan, hura izan

Ikastetxea:     Botikazar BHI (Bilbo, Bizkaia)

Saria:             3.000 euro + 1.000 euro aipamen bereziagatik

Bilboko Botikazar institutuko ikasleek ogi unibertsal, gozo, osasungarri eta jasangarri bat garatzeko proiektua planteatu dute. Hori garatzeko, hainbat esparrutan aritu dira PBL metodologia erabiliz (arazoa-konponbidea egituran oinarritua): matematika (ezaugarri organoleptikoen eskala, estatistika), fisika, kimika eta biologia lantzen dituzte laborategiko praktiken bidez (hartziduraren prozesu fisiko-kimikoak, legamien eta mikroorganismoen analisia), ekonomia zirkularra eta anatomia (nutrizioaren eta osasunaren arteko erlazioa), bai eta produktuarentzako eta kamisetetarako diseinu digitala ere, hainbat azokatan aurkeztu dituztenak. Eremu bakoitzeko STEM profesionalekin harremanetan izan dira. Ekimen honek GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA LORTU DU KATEGORIA HONETAN.

BIGARREN SARIA:

Proiektua:   Galaxiaren Zaindariak

Ikastetxea:  Etxebarri BHI (Etxebarri, Bizkaia)

Saria:          2.000 euro

Etxeberri BHIko ikasleek erronka zehatz bati erantzun zioten: estralurtar batzuk ikastetxearekin harremanetan jarri dira lur planetaren egoera ezagutzeko. Ikasleek diagnostiko bat egin eta klima-aldaketak Etxebarrin duen eragina aztertu dute. Bost irakasgaitan landu dute: fisika eta kimika (CO2arekin lotutako laborategiko praktikak); bio-geo (klima-aldaketaren ondorioak); matematika (CO2 kontzentrazio-grafikoak eta tenperatura-balioak egitea eta interpretatzea); teknologia (energia berriztagarriei buruzko 3D maketa bat eta sentsoredun estazio meteorologiko bat egitea); arteak (proiektuaren ondorioz sortu den mezuaren leloa eta  irudia diseinatzea).

Kategoria: Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

LEHEN SARIA eta aipamen berezia genero ikuspegiari:

Proiektua:   Narradoras y tejedoras: activando memorias afectivas con la realidad virtual

Ikastetxea:  Calasanz Lanbide Ikastegia (Santurtzi)

Saria:         3.000 euro + 1.000 euro aipamen bereziagatik

Proiektu honek Lanbide Heziketako Erdi Mailako ziklo batean (Mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko zikloan) –non ikasle gehienak emakumeak baitira– teknologiaren eta pentsamendu zientifikoaren erabilera sartu du; bai eta estimulazio afektibo-sozialeko modu berriak garatzea ere bakardadeagatik arrisku-egoeran dauden adineko pertsonekiko arretan. Horretarako, adinekoei arreta ematen dieten 4 zentrorekin lankidetzan jardun dute. Erronketan, Zerbitzu bidezko Ikaskuntzan eta Herritarren Zientzian oinarritutako metodologiaren bidez garatu da proiektua. Ekimen honek GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA LORTU DU KATEGORIA HONETAN.

BIGARREN SARIA

Proiektua:         Formula Student Bizkaia

Unibertsitatea:  UPV/EHU

Saria:               2.000 euro

Formula Student Bizkaia proiektuak erronka bat proposatzen die bertan parte hartzen duten ingeniaritzako ikasle guztiei: Formula monoplaza bat diseinatu eta eraikitzea, Formula Student-en nazioarteko ekitaldietan lehiatzeko.

Kategoria: Erakunde sozioekonomikoek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak

LEHEN SARIA eta aipamen berezia genero ikuspegiari:

Proiektua:    Kaixomundua.eus

Erakundea:  PuntuEus Fundazioa

Saria:           3.000 euro + 1.000 euro aipamen bereziagatik

DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleen artean gaitasun digitalak eta berrikuntzakoak sustatzea du helburu proposamen honek, ingurune birtualean landutako esperientziaren bidez. Proiektuaren ardatza web-garapeneko lehiaketa bat da. Bertan, ikasleak gai dira prozesua hasieratik osatzeko. Horrela, teknologia kontsumitzetik teknologia sortzera pasatzen dira. Ekimen honek GENERO IKUSPEGIAREN AIPAMEN BEREZIA LORTU DU KATEGORIA HONETAN.

BIGARREN SARIA

Proiketua:     Funghi thinking

Erakundea:   Global Shapers Bilbao gizarte berrikuntzarako elkartea

Saria:    2.000 euro

PBL metodologia erabiliz (arazoa-konponbidea egituran oinarritua), ikasleek kafe-hondarrak erabiltzen dituzte ostra-perretxikoak (pleurotus ostreatus) hazteko. 7 erronka sortuz egin dute lan, 7 ikasgaitan eta 7 mailatan. Horrela, ikasleak 7 urtetan zehar deskubritzen ari diren proiektu bateko kide aktiboak dira, programazioa, Big Data eta metodo zientifikoa ikasten ari diren bitartean.

Finalistak

STEAM Euskadi Sarietako epaimahaia enpresa-inguruneko eta ingurune akademiko, zientifiko eta teknologikoko zortzi profesional adituz osatuta dago, eta zazpi finalistaren lana ere aitortu du edizio honetan aurkeztutako 126 hautagaitzaren artean, guztiak ere ikastetxeek, unibertsitateek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek eta elkarteek aurkezturikoak. Honako hauek izan dira:

Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenen kategorian:

  • Berrio-steam, Berrio-Otxoa Ikastetxea (Bilbo)
  • Steameatzen, Berrobiko Eskola (Berrobi)
  • La ciencia y la tecnología al servicio de la mejora de nuestro entorno, Colegio Vizcaya (Zamudio)
  • Nicole eta Aroa oztoporik gabeko munduan, San Pedro Apostol Ikastetxea – Scientia Bilbao (Bilbo)

Unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenen kategorian

  • Nire Bilbo, San Luis ikastetxea (Bilbo)

Iniciativas de Educación STEAM promovidas por entidades socioeconómicas

  • Donostia Innovation Challenge. Donostia Sustapena, S.A. (Donostia)
  • Un reto por la ciencia. Sener Ingeniería y Sistemas / Fundación Sener (Getxo)

STEAM Euskadi zigilua

Lehiaketan parte hartu duten 126 hautagaitzen artean, 86k lortu dute STEAM Euskadi zigilua. Bereizgarri horrek STEAM hezkuntzaren izaera nabaria duten ekimenak saritzen ditu, hau da, STEM asmo profesionalak eta bokazio zientifikoak sustatzeko eta ikasleen STEAM trebakuntza hobetzeko helburua duten ekimenak. Guztiak STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean (www.steam.euskadi.eus) jasoko dira, inspirazio-iturri izango diren STEAM hezkuntza-ekimen gisa.

STEAM Euskadi Sariek agerikotasuna ematen diete euskal ikasleen trebakuntza zientifiko-teknologikoa hobetzen duten ekimenei, eta lortutako inpaktua, berrikuntza-maila eta emakume ikasleak diziplina hauetara erakartzeko gaitasuna hartzen dituzte kontuan. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategiaren barruan daude kokatuta, eta Euskadiko garapen ekonomikoa eta soziala ziurtatzeko elementuak dira.