Maiatzaren 8ko epai batean, Donostiako Lehen Auzialdiko 1 zenbakiko Epaitegiak onartu egin du hipoteka-maileguaren kontratuko gastu gisa ordaindutako zenbatekoak berreskuratzeko alderdi demandatzaileak egindako erreklamazioa. Zehazki, finantza-erakunde demandatuak 1.000 euro baino gehiago itzuli beharko ditu, erregistroan inskribatzeari, gestoriari, tasazioari eta ordaindutako notariotza-gastuen erdiari dagozkienak, eta kostu guztiak bere gain hartu beharko ditu.
Finantza-erakundeak ez zuen ukatzen hipoteka-kontraturik zegoenik, ezta erreklamatutako zenbatekorik ere, baina zenbatekoak itzultzearen aurka zeuden esanez akzioa gauzatzeko epea preskribatu egin zela; hala ere, epaiak berretsi egin ditu auzitegi gorenaren erabakiak, eta zehaztu du erreklamazioa gauzatzeko epea deuseztasun-arrazoia ezagutzen den unetik hasi behar dela kontatzen, eta, beraz, alderdi demandatzaileak eskubidea duela deuseztasuna aitortu zaien hipoteka-gastuei buruzko klausularen bidez kobratutako zenbatekoak eskatzeko.
Garrantzitsua da ohartzea Auzitegi Gorenak hipoteka eratzeko gastuei buruzko klausulen abusuzko deuseztasuna deklaratuta zuela, eta deuseztasun horren deklarazioaren ondorioz kobratzeko dauden zenbatekoak baino ez direla erreklamatu behar. Alderdi hori demandan zehaztu behar da, hitzezko prozeduran izapidetzeko onar dadin eta gastuak dakartzan prozedura arrunt batera bidera ez dadin.
Hitzezko epaiketako demanda aurkezteko, beharrezkoa da erreklamatutako zenbatekoa 6.000 €-tik beherakoa izatea. Prozedura judizial azkar eta merke hau tresna eraginkorra da kopuru txikiak eskatzeko. Kasu honetan, 2.000 eurotik beherako zenbatekoa izan denez, ez da abokaturik edo prokuradorerik behar izan. Ahozko ikustaldirik ere ez da egin, alderdietako batek ere ez baitu eskatu.
Hitzezko epaiketa bitarteko ezin hobea da enpresarekin aurrera egin ez duten erreklamazioak bideratzeko, erreklamazio horien xedea 2.000 €-tik beherako diru-kopuruak direnean.