Hezkuntza Sailaren Uda Ikastaroetako eskaintza aurkeztu du Jokin Bildarratzek

PRUEBA

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoarekin batera, EHUren Uda Ikastaroen 42. edizio honetan Hezkuntza Sailak bultzatzen duen ikastaro programa aurkeztu du, gaur goizean. Miramar Jauregian burutu den aurkezpenean, Gipuzkoako Campuseko errektoreorde Agustin Erkiziak eta Irizarreko Pertsonaleko zuzendari Koldo Telleriak ere hartu dute parte.

Ekitaldian hitza harturik, ikastaroak antolatzerakoan Hezkuntza Sailak zein helburu eta ardatz duen azaldu du Bildarratz sailburuak: irakasleak. “Haiengan pentsatzen dugu ikastaroak diseinatzerako orduan, gaiak aukeratzerako orduan. Irakasleen interesa dago gure erabakien erdigunean. Gure irakasleei gai anitzeko ziklo bat eskaini nahi diegu, hezkuntzaren inguruan dauden zalantza, eztabaida eta hausnarketei erantzuna emango diena”. Hortik, nabarmendu duenez, Hezkuntza Sailak bultzatzen duen zikloaren izena: Irakasteko ikasten.

Aurtengo ikastaroek proposatzen dituzten gaien aniztasuna ere hizpide izan du Hezkuntza sailburuak, eta baita horren adibide batzuk ipini ere, hala nola garapen iraunkorraren ingurukoak, irakurketari buruzkoak, teknologia berriak ardatz dituztenak, adimen artifiziala hezkuntzan edo suizidioa bera ere bai, beste askoren artean. “Gai oso ezberdinak, baina elkarren osagarriak. Gure hezkuntza sistema mila kolorez osatutako ekosistema bat da, eta errealitate hori programazio hau lantzerakoan ere kontutan hartu nahi izan dugu. Ikastaro hauen bitartez gure irakasleak aberastu egingo dira, aberastasun hori zuzenean gure ikastetxeetako ikasgeletan isuriko da, eta gure ikasleak izango dira horren guztiaren hartzaile”.

Azken ideia horretan egin du azpimarra sailburuak, hain zuzen ere. Alegia, ikaslea dela azken helburua, irakasleen etengabeko trebakuntzaren bidez. “Hori da, azken finean, gure eguneroko lanean mugitzen gaituen helburu bakarra: gure ikasleen ongizatea, gure ikasleek ahalik eta hezkuntzarik bikainena jaso ahal izatea. Eta horretan, zeresan handia dauka gure irakasleen etengabeko formazioak. Hor jarri behar dugu ahalegin berezia administraziotik, eta Uda Ikastaroek aukera bikaina eskaintzen digute horretarako. Hezkuntzak etengabeko eraldaketa bizi du, eta errealitate berrietara egokitu beharrean gaude: metodologia berriak bultzatuz, gure sistema etengabe ebaluatuz, gure Hezkuntza sistema -eta legea bere baitan- eguneratuz, edota helburuak hobeto zehaztuz. Lan handia baina beharrezkoa, guztion mesedetan”.

Irakasleei zuzenduriko Irakasteko ikasten programazioak aurten aurrez aurreko 21 ikastaroz osaturiko eskaintza dakar. Horiez gain, online formatuko 8 ikastaro ere izan dira urtarriletik ekainera bitartean, eta udazkenean gehiago izango dira.

Hezkuntza Sailak sustatzen dituen uda ikastaroen eskaintza hemen duzue eskura.