Euskadiko hotel-establezimendu eta apartamentu turistikoetako ostatu-gauek beren markak hautsi zituzten apirilean. Adierazle horiek, industria-prezioetan erregistratutako balio negatiboekin batera, abiaburua dira gaur Astekonomiarentzat (adierazle ekonomiko garrantzitsuenen asteko laburpenarentzat).
Euskadiko hotel-establezimenduek 600.000 ostatu-gau baino gehiago izan zituzten apirilean. Serie historiko osoan ez zen inoiz hain erregistro handirik lortu apirilean. Zehazki, ostatu-gauen igoera % 15,6koa izan zen. Horrela, 2021eko martxotik aurrera hasitako goranzko joera berretsi da.
Aurreko informazioaren osagarri, apartamentu turistikoetako ostatu-gauek % 28,4 gora egin zuten apirilean Euskadin. Zehazki, 54.794 ostatu-gau izan ziren, hau da, apirileko kopururik handiena datuak daudenetik. Hala, aurreko aldietako erregistroak nabarmen gainditu dira.
Bestalde, prezioen jaitsierak bere horretan jarraitzen du eta apirilean industria-prezioen aldakuntza-tasa -% 1,9ra erori zen. Ondorioz, IPRI – industria-prezioen indizea balio negatiboetan dago 2021eko hasiera aldetik lehen aldiz, batez ere honako hauen prezioek izandako jaitsieraren ondorioz: energia (-% 19,2) eta, neurri txikiagoan, kontsumo-ondasun iraunkorrak (-% 3,3).
Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.