- Desberdintasun-arrakala eten nahi du, politika bultzatzaileen, proiektu esperimentalen eta lan-metodologia berrien bidez
Enplegu eta Gizarteratze sailburuorde Alfonso Gurpeguik 2022-2026ko Inklusiorako V. Euskal Planaren Plan Operatiboa aurkeztu du. Plan horren bidez, desberdintasun-arrakala berriak eten, gizarteratze-sistema eraldatu eta gaur egun lan-merkatutik urrun dauden pertsonak lan-eremuan sartu nahi dira.
Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordean eta Gizarteratzeko Euskal Kontseiluan egindako hitzaldian, Plan Operatibo honen oinarriak zehaztu ditu. Lehenik eta behin, gizarteratze-sistemaren eredua aldatu nahi duten politika bultzatzaileak aktibatuko dira. Eusko Jaurlaritzako sailek abian jarritako politika publikoak dira, eta horien artean nabarmentzekoak dira Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemaren Legea, Enpleguaren Euskal Legea eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eraldaketa-prozesua, Lanbide Hobetzen.
Era berean, gizarteratzeko hainbat programa esperimental garatuko dira, erakunde publikoek zein gizarte-erakundeek sustatutakoak. Horietan, elkarrekin lan egiteko modu berriak jorratuko dira, gaur egun lan-merkatutik urrun dauden pertsonak lan-esparrura sartzeko hainbat proiektu piloturen bidez. Proiektu horietako hamar Lan eta Enplegu Sailarekin batera finantzatuko dira, gehienez 150.000 euro proiektu eta urte bakoitzeko, eta guztira milioi bat euro izango dira ekitaldi bakoitzean.
Plan honen hirugarren hanka arrisku edo bazterketa soziolaboraleko egoeran dauden pertsonei zuzendutako ibilbide mistoetan laguntzeko proiektu esperimentalak dira. Programa horietan metodologia berriak aztertuko dira gizarteratzearen arloan lan egiten duten sistemen artean, hau da, enpleguan, gizarte-zerbitzuetan, etxebizitzan edo hezkuntzan. Proiektu horiek Lan eta Enplegu Sailak ere finantzatuko ditu, 865.000 eurorekin 2023an.
Azkenik, Eusko Jaurlaritzako sailek, foru-aldundiek eta 20.000 biztanletik gorako udalek hainbat hobekuntza-jarduera jarriko dituzte abian, gizarteratzearen esparruan zentratuta, aurretik egiten ari zirenekin alderatuta aurrerapen bat izan daitezen.
Plan honen aurrekontu-zenbatespena 792 milioi eurokoa izango da 2023an, eta 76 milioi eurokoa 2024an, zerbitzuetan oinarritutako sistema batetik pertsonengan zentratutako sistema batera igarotzeko helburuarekin.