- Hezkuntza Sailak ekainaren 12an irekiko du irakasleen hainbat kidegotarako 2.004 plaza deitzen diten LEPrako eskabideak aurkezteko epea
- Probak urrian egingo dire BECen, honako bi hautaketa-prozedura hauen bidez: ohiko lehiaketa-oposizioa eta egonkortzeko lehiaketa-oposizioa
Hezkuntza Sailak abian duen Lan Eskaintza Publikoko prozedura baten inguruko informazio praktikoa argitaratu du gaur bere webgunean. Zehazki, irakasleen hainbat kidegoetan sartzeko eta horra iristeko ohiko lehiaketa-oposiziorako eta egonkortzeko lehiaketa-oposiziorako eskabideak aurkezteko epeak zeintzuk izango diren argitaratu da, bai eta probak egiteko datak ere. Aipaturiko Lan Eskaintza Publikoko deialdi hau honako irakasle kidego hauetarako izango da: Bigarren Hezkuntza; Musika eta Arte Eszenikoak, Arte Plastikoak eta Diseinua; eta Maisu-maistren kidegoa (deialdi hau 2022ko abenduaren 28ko EHAAn argitaratu zen).
Eskabideak egiteko epeak
- Eskabideak egin eta merezimenduak egiaztatzeko agiriak aurkezteko epea: ekainaren 12tik uztailaren 7ra
- Unitate didaktikoa/ikaskuntza egoera edo programazio didaktikoa aurkezteko epea: irailaren 18tik 29ra
Probak burutzeko egunak
- Oposizio-faseko probak egiteko datak honako hauek izango dira:
- Maisu-maistren kidegorako: 2023ko urriaren 21 eta 22ko asteburuan, BECen (egun, ordu eta pabilioi zehatzak irailean argitaratuko dira).
- Bigarren Hezkuntza, Musika eta Arte Eszenikoak eta Arte Plastikoak eta Diseinua kidegoetarako: 2023ko urriaren 28 eta 29ko asteburuan, BECen (egun, ordu eta pabilioi zehatzak irailean argitaratuko dira).
- Proba praktikoak: idatziz egiten ez diren proba praktikoak –trebetasun instrumental edo teknikoen erakustaldi praktiko bat eskatzen dutelako- 2023ko urriaren 29tik aurrera egingo dira, dagokion epaimahaiak aurrez hitzordua emanda.
- Ahozko proba: idatzizko probak egin ondoren egingo da, epaimahaiak aurrez hitzordua emanda,
2.004 irakasle plaza
Gaur argitaratu den informazioak hizpide duen deialdiak 2.004 plaza eskaintzen ditu irakasleen hainbat kidegotan (Bigarren Hezkuntza; Musika eta Arte Eszenikoak, Arte Plastikoak eta Diseinua; eta Maisu-maistren kidegoak), eta bi hautaketa-prozedura hauen bidez egingo da:
- Ohiko lehiaketa-oposizioa: 2.004 plazetatik 810 ohiko lehiaketa-oposizioaren bidez beteko dira. Hau da, izangaiek oposizio-fasea osatzen duten bi probak (baztertzaileak) gainditu beharko dituzte.
- Egonkortzeko lehiaketa-oposizioa: gainerako 194 plazak aldi baterako enplegua egonkortzeko lehiaketa-oposizioaren bidez izango dira, hau da, baztertzailea ez den lehiaketa-oposizioaren bidez (izangaiek prozesuan jarraituko dute, probetako batean gutxieneko puntuazioa lortu ez arren). Plaza hauek 2020ko abenduaren 31ko dataz, bitarteko langileek azken 3 urteetan betetako plazak dira.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak datorren asteartean, maiatzaren 30ean, argitaratuko du Langileak Kudeatzeko zuzendariaren ebazpena, gorago aipatzen diren data eta epeak zehazten dituena. Informazio gehiago Hezkuntza Sailaren webgunean.