Lehendakariak 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu du

  • “gobernuaren, unibertsitateen, eragileen eta gizartearen arteko Itun da”
  • Planak 2.246,2 milioi euroko inbertsioa mugiaraziko du  indarrean dagoen bitartean, hau da, % 14,5eko igoera aurreko planarekin alderatuta

  • Unibertsitate Sistemaren Plana funtsezko tresna da Euskal Unibertsitate Sistemaren (EUS) helburuak eta unibertsitate-politika koordinatua zehazteko

Iñigo Urkullu Lehendakariak, UPV/EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko errektoreekin batera, 2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Plana aurkeztu du Lehendakaritzan, “gobernuaren, unibertsitateen, eragileen eta gizartearen arteko Ituna”. Urkulluren hitzetan, gizarte bezala aurrera egiteko elkarlana ezinbestekoa da eta, hau horrela, “gizarteari helarazten diogun mezua argia da: Unibertsitateak eta administrazioak, biak batera, biak mahai berean eserita etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Gaur Gobernu Kontseiluan onartu den Plan hau da Euskal Unibertsitate Sistema (EUS) antolatzeko Eusko Jaurlaritzak aitortzen duen berariazko tresna. Tresna honen bidez, unibertsitate-politikak definitu, helburuak identifikatu eta Euskal Unibertsitate Ekosistema osatzen duten eragileak koordinatzen dira. Plana, gainera, Nazio Batuen 2030 Agendarekin lerrokatuta dago, eta gizarte oparoaren alde, eskubide eta aukera-berdintasunean eta ingurunea errespetatzeko honek jasotzen dituen Garapen Iraunkorreko Helburuekin konprometituta dago.

Ildo horretan, Lehendakariak Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren Idazkaritza Nagusiaren, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren eta hiru unibertsitateen arteko lankidetza nabarmendu du. Izan ere, lankidetza horren ondorioz, unibertsitateen arteko titulu bat sortu da, integrazio estrategikoari, 2030 Agendaren jarraipenari eta komunikazioari eta Garapen Iraunkorreko Helburuei buruzkoa, eta 35 plaza eskainiko ditu 2023-2024 ikasturterako. Hiru erakundeek batera eta koordinatuta unibertsitate-graduondoko bera eskaintzen duten lehen aldia da.

Herrialde aurreratu orok bidelagun izango duen bikaintasuneko unibertsitate-sistema bat izan nahi du. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak –Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bitartez- datozen lau urteetarako bilakaeraren oinarri estrategikoak ezarri ditu plan honen bidez.

2023-2026 aldirako Unibertsitate Sistemaren Planak 2.246,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusten du guztira, hau da, % 14,5eko igoera aurreko planarekin alderatuta, eta orain arte unibertsitate-eremuan egin den finantzaketarik handiena. Horietatik 1.642,4 milioi Eusko Jaurlaritzaren ekarpen zuzenari dagozkio (+231 milioi), eta 603,8 milioi, berriz, finantzaketa publiko lehiakorraren, kontratupeko diru-sarreren, nazioarteko finantzaketaren eta unibertsitateen baliabide propioen bidez iritsiko dira.

Plana onartu ondoren, Hezkuntza Saila 2023-2026 Unibertsitate Planak jasotzen dituen eremuak garatzen hasiko da, plan hau amaitzean egungo planak helburuetan zein aurrekontuaren gauzatzean izan duen betetze-maila bera lor dezan. Betiere, hezkuntza-sistema bikaina bultzatzea eta Euskadiko gizartearen beharrei eta erronkei erantzutea helburu hartuta.