- Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak adikzioak dituzten eta gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonei arreta emateko programaren jarduera-balantzea aurkeztu du
- Arreta jasotzen duten pertsonen profil nagusia honako hau da: gizona, 26 eta 35 urte bitartekoa eta alkoholaren adikzioa duena
Adikzioak eta osasun mentala erabat lotuta daude, eta, sarritan, ziklo kaltegarri batean. Hura da ERDUren 2022ko memorian jasotzen den ondorioetako bat; ERDU Euskadin adikzioak dituzten eta gizarte-kalteberatasuneko egoeran dauden pertsonei arreta emateko Eusko Jaurlaritzaren programa da. Iaz ERDU programaren bidez arreta jaso zuten 270 pertsonetatik, 237 (% 88) mendekoak ziren eta 243k (% 90) osasun mentaleko arazoren bat zuten.
“Osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonek mendekotasuna sortzen duten substantzietara jo dezakete haien sintomak tratatzeko, aldi baterako lasaitasuna bilatzeko, epe luzerako ondorio kaltegarriak gorabehera. Aldi berean, substantzia horiek gehiegi hartzeak larriagotu egin ditzake osasun mentaleko baldintzak edo berriak garatzen lagundu dezake”, esan du Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak.
Gizonen kasuan, emakumeen aldean, tasak altuagoak dira adikzioei dagokienez; 238 erabiltzaile dira, erabiltzaile guztien % 88. “Faktore asko oraindik ez dira guztiz ulertzen, eta desberdintasun horretan dute eragina. Gizabanako bakoitza desberdina da, eta aldakuntza asko daude genero bakoitzean. Beraz, garrantzitsua da orokortasunak eta estereotipoak saihestea, adikzioaz hitz egitean”, esan du Melgosak.
Erabiltzaileen datuek aniztasun nabarmena erakusten dute adin-tarteetan. Talderik gazteenean, 18 eta 25 urte bitartekoenean, erabiltzaileen % 23 daude; laurdena baino pixka bat gehiago, % 26, 26 eta 35 urte bitarteko tartean daude; proportzio handiena 36 eta 59 urte bitarteko taldearena da, arreta jaso duten pertsonen ia erdia baitira, % 46. Azkenik, nahiz eta gehiengoa ez diren, garrantzitsua da nabarmentzea erabiltzaileen % 5 60 urtetik gorakoak direla, eta horrek erakusten du problematika hori adin guztiei dagokiela.
Memoriak ere agerian jartzen du pertsona horiek bizi duten bizitegi-kalteberatasuneko egoera. Arreta jaso duten pertsonetatik, 197 (% 73) etxerik gabe edo infraetxe egoeran zeuden.
“Adikzioa etxebizitzarik ez izatearen kausa zuzena izan daiteke; izan ere, adikzioa duten pertsonek, sarritan, zailtasun ekonomikoei, enplegu-galerari eta familia- eta gizarte-hausturei egiten diete aurre, eta horrek guztiak etxebizitzarik ezera eraman dezake. Bestalde, kaleko bizi-baldintzen ondorioz, etxerik gabeko pertsonek baliteke substantzien erabilerara jotzea, haien egoera bideratzeko modu bat izateko eta aldi baterako haien errealitatetik ihes egiteko”, esan du Melgosak.
Adikzio-motei dagokienez, pertsona gehienek alkoholismo-arazoak zituzten; alegia, kopuru osoaren % 28k. Gainera, % 13,7 heroina-kontsumitzailea da; % 12,2, kokainarena; % 11,5, kalamuarena, eta % 8, Lyricarena.
Programaren helburua da pertsonaren inguruan sistemen baliabideak elkarrekin lotzea (oinarrizko gizarte-zerbitzuak, osasun mentaleko zentroak, bigarren mailako gizarte-zentroak, aterpetxeak, exijentzia baxuko zentroak, Ertzaintza, Lanbide, etab.). Hala, gatazkak murrizten, sistema eta baliabideen artean pertsonen fluxuak hobetzen eta pertsona kalteberenek haien eskubideak baliatzeko aukera izan dezaten laguntzen da. Iaz, 108 pertsonak lortu zuten haien egoera hobetzeko arreta-taldeek ezarritako helburuak betetzea.
“Inpaktua eta lortzen ari garen aldaketa positiboa gorabehera, memoria horren ondorioek nabarmentzen dute hurbileko arreta komunitarioaren ikuspegi batetarako etengabeko beharra dagoela. Funtsezkoa da lanean jarraitzea, pertsona horiek agerian jartzeko, laguntza emozionala eta hasierako laguntza medikoa emateko eta eskuragarri dauden baliabide eta zerbitzuekin harremanetan jartzen laguntzeko», esan du Melgosak, amaitzeko.
ERDUri buruz
ERDU Hurbileko Esku Hartzea Adikzioetan programa pandemian jarri zen abian, Euskadin adikzioen aurrean zeuden erronkei aurre egiteko. Drogen Abusuaren Ikerketa eta Prebentziorako Gipuzkoako Elkarteak (Agipad), Bizkaiko Etorkintza fundazioak eta Gizakia fundazioak eta Arabako Jeiki fundazioak parte hartzen dute.
Unitate mugikor espezializatuen bidez, hala behar duten baliabideetara mugitzen dira, eta bertan egiten den lanaren osagarri den adikzioen inguruko arreta eskaintzen dute. Helburua da osasun- eta hezkuntza-arreta ematea, osasun- eta gizarte-zerbitzuekin koordinatuta, arreta jasotzen duten pertsonen osasun mentaleko, fisikoko eta psikologikoko egoera hobetzeko.
Taldeak Psikologia Klinikoko, Medikuntzako, Erizaintzako eta Psikiatriako, Gizarte Laneko eta Gizarte Hezkuntzako profesionalek eratzen dituzte.
2021-2024rako Euskadiko Arreta Soziosanitarioaren Estrategiaren barruan, programak 250.000 euroko aurrekontua du urtean, Inor Atzean Utzi Gabe funtsetik datorrena; funts hori Covid-19ak eragindako edo larriagotutako arrisku-, bazterkeria- eta/edo pobrezia-egoerei erantzuteko sortu zen.
ARRETA JASO DUEN PERTSONA KOPURUA | |||||
2020 | 2021 | 2022 | 2023 | ||
Araba | 22 | 28 | 14 | 4 | |
Bizkaia | 209 | 202 | 199 | 111 | |
Gipuzkoa | 130 | 204 | 57 | 40 | |
Guztira | 361 | 434 | 270 | 155 |
KOORDINAZIO KOPURUA | |||||
2020 | 2021 | 2022 | 2023 | ||
Araba | 150 | 117 | 41 | 28 | |
Bizkaia | 548 | 1.178 | 1.387 | 456 | |
Gipuzkoa | 116 | 550 | 452 | 98 | |
Guztira | 814 | 1.845 | 1.880 | 582 |