- Osasun Sailak udalerriekin, foru-aldundiekin eta beste eragile batzuekin elkarlanean sustatu du ekimena, eta % 45 areagotu da eta 211 gune daude hondartzetan, igerilekuetan, eskola- eta kirol-inguruneetan, parkeetan eta 55 udalerritako plazetan
- Osakidetzak 4.200 pertsona ingururi lagundu die erretzeari uzten, eta Kerik Gabeko Gazteak programan, aurten, Euskadiko 55 ikastetxetako 4.672 ikaslek parte hartu dute
- Tabakoaren kontsumoak jarraitzen du munduan saihets daitekeen lehen heriotza-kausa eta biztanleriaren osasunerako mehatxu nagusietako bat izaten
Iaz Euskadin sortu zen Kerik Gabeko Guneen Sarea % 45 hazi da, eta 211 eremu daude dagoeneko tabakorik gabe. Hala jakinarazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko Sailburuak, Tabakorik Gabeko Mundu Eguna dela eta eman duen prentsaurrekoan; gaur da eguna, maiatzaren 31n, eta helburua da munduan saihets daitekeen lehen heriotza-kausa eta biztanleriaren osasunerako mehatxu nagusietako bat izaten jarraitzen duen ohitura horren ondorio kaltegarrien inguruan –bai bizi-itxaropenaren bai bizi-kalitatearen inguruan– kontzientziatzea. Sailburuarekin batera, Itziar Larizgoitia Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren zuzendaria izan da.
Iaz, Osasun Sailak, foru-aldundiekin eta udalekin elkarlanean, ekimen hori jarri zuen abian; ekimenaren helburua da, Sailburuaren beraren hitzetan, “airea areagotzea eta kea murriztea”, alegia, bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko eta ingurumena ke eta zigarro-punten kutsaduratik babesteko inguruneak biltzea. Sagarduik esan duenaren arabera, xedea da kontzientziazio-lan horrek data jakin bat gainditzea, zehazki maiatzaren 31, eta urteko egun guztietara zabaltzea. Testuinguru horretan, uda honetan esan du herritarrentzako zenbait sentsibilizazio-ekintza publiko egingo direla.
Sarea kerik gabeko 144 gunerekin abiarazi zen, eta, urtebete geroago, 211 eremu dira dagoeneko Euskadi osoan, besteak beste: hondartzak, igerilekuak, eskola-inguruneak, haur-parkeak, plazak edo kirol-inguruneak. Udalerri parte-hartzaileen kopuruak ere gora egin du, hasieran 41 ziren eta, gaur egun, 55: 6 Araban, 35 Bizkaian eta 14 Gipuzkoan. Argibide gehiagorako: Kerik Gabeko Guneen mapa
Osasuneko Sailburuak gogorarazi du ekimen honen helburuak, biztanleen osasun publikoa babesteaz gainera, honako hauek ere badirela: jokabide osasungarriak sustatzea; tabakoak eta nikotinak dakartzaten arriskuen inguruko informazio- eta sentsibilizazio-lana sustatzea; substantzia horren kontsumoa murriztea; kontsumo hori utzi nahi duten erretzaile guztiei informazioa eta laguntza ematea; biztanle guztiak tabako-ketik babestea, eta ingurune garbiak, osasungarriak eta kerik gabeak izatea gure herri eta hirietan eta, hala, eragin positiboa izatea ingurumenaren hobekuntzan.
Aldi berean, tabakoa edo nikotina kontsumitzeko modu segururik ez dagoela azpimarratu du; bai formatu tradizionalek (zigarretak, biltzeko zigarretak) bai produktu berriek (zigarreta elektronikoak) arriskuak dakartzate osasunerako.
OSAKIDETZA: ERRETZEARI UZTEKO TRATAMENDUAK
Pertsona bat ere tabakoaren eta produktu eratorrien kaltepean ez egotea sustatzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Osakidetzak erretzeko ohitura utzi nahi duten erretzaileei laguntzeko jarduketak ere bultzatzen dituzte. Hala, 2022an, 4.158 pertsona hasi ziren, guztira, tabakoa uzteko tratamenduan; haietatik, ia % 60 45 eta 64 urte bitartekoak ziren. Osakidetzak zenbait kanal ditu erretzeari uzten laguntzeko. Erabilienak jarraitzen du banako tratamendua izaten (% 86) eta, ondoren, taldeko online terapia (% 6); baina 2022an gehien hazi zena aurrez aurreko taldeko terapia izan zen (ia % 6). Argibide gehiagorako:
https://www.osakidetza.euskadi.eus/zaindu-osasuna/-/tabakismoa-prebenitzea/
Era berean, Osasun Sailak eta Osakidetzak gida batzuk argitaratuko dituzte tabakoaren eta lotutako produktuen kontsumoa utzi nahi duten pertsonak motibatzeko eta laguntzeko.
KERIK GABEKO GAZTEAK
Osasun Sailak eta Euskadiko udalek, tabakoari dagokionez, hezkuntza-ingurunean kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko lanean ere eragiten dute. 2022an, Euskadiko 55 ikastetxetako 4.672 ikaslek parte hartu zuten Kerik Gabeko Gazteak programan; programa horren helburua da eskola-umeetan tabakoaren kontsumoa prebenitzea (Lehen Hezkuntzako 6. maila eta DBHko 1. eta 2. mailak).
2011-2012 ikasturtean ekimen hori abian jarri zenetik, 939 ikastetxetako ia 82.000 ikaslek parte hartu dute hartan, hamar urte hauetan. Honako gai hauek aztertzen dira, besteak beste: tabakoaren konposizioa, taldeko presioa, genero-ikuspegia, tabako-enpresen eragina, kutsadura edo gailu berriak. Ondoren, ikasgela bakoitzak argazki-konposizio bat prestatzen du eta, gainerakoekin batera, erakusketa batean jartzen da ikusgai; gainera, Osasun Sailak antolatzen duen lehiaketan parte hartzeko aukera ere badago. Lehiaketaren gaia, aurten, honako hau da: “Tabakorik gabe, gusturago gaude!”. Lurralde bakoitzeko lan irabazleen sariak gaur bertan banatuko dira, Vitoria-Gasteizko Salburua zentro zibikoan (Araba), Bilborock aretoan (Bizkaia) eta Gipuzkoako Osasun Publikoaren Zuzendariordetzan (Donostia).