Uztailaren 23ko hauteskunde orokorren deialdiak sortutako egoera ikusita, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Erakundeak gomendatzen du arreta berezia jartzea kontratatzen diren bitartean bidaiak, hegaldiak edo opor-paketeak bertan behera uzteko baldintzei. Gerta daiteke kontsumitzaileek oporrak bertan behera uzteko edo aldatzeko betebeharra izatea, hauteskunde-mahai batean parte hartu behar badute.
Nahi ez diren egoerak prebenitzeko, gomendagarriena da arreta berezia jartzea ezerezte- edo aldaketa-baldintzei, zalantzak argitzea eta edozein kontratu sinatu aurretik idatziz ezerezteko baldintza hipotetikoak eskatzea. Pertsonak bidaia ezeztatzeko edo aldatzeko aseguru bat kontratatzea erabakitzen badu, aldez aurretik ziurtatu behar du hizpide dugun behin-behinekotasuna (hauteskunde-mahai bateko kide izendatzea) poliza horrek estaltzen duela.
Bidaia bertan behera utzi edo aldatu behar izanez gero, eta kontratua egin zaion enpresarekin akordiorik lortzen ez bada, lehenengo urratsa kontratua egin zaion enpresari berari erreklamazio bat aurkeztea izango da. Enpresa horrek hilabetetik beherako epean erantzun beharko du. Erantzun egokirik lortzen ez bada, hainbat erakundetara jo beharko dugu kontratatutako zerbitzuaren arabera: hegaldi baten kasuan, AESAra (Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia); opor-paketeen edo bidaia konbinatuen kasuan, dagokion erkidegoko turismo-zuzendaritzara; eta hotel-egonaldien kasuan, Kontsumobidera edo kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulego batera (KIUB).