Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Amaia Arregi eta Martín Ibabe Bilboko eta Donostiako Herritarren Segurtasuneko zinegotziek, hurrenez hurren, Livia López Vitoria-Gasteizko Kirol eta Osasun zinegotziak, Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute euskal erakundeek Euskadin uztailaren 1ean, 2an eta 3an egingo den Grand Départ Pays Basque 2023a dela-eta planifikatutako segurtasun- operatibo konplexua.
Euskadin aurrekaririk ez duen Segurtasuneko Plan integral bat da, Euskadiko segurtasun publikoan inplikatuta dauden euskal erakunde eta entitate guztien artean koordinatua: Ertzaintza, Tourraren hiru etapak zeharkatzen dituzten udal guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru aldundietako larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak, Osakidetza, errepideak eta trafikoa kontrolatzeko talde instituzionalak, etab.
Euskal erakundeek hilabeteak daramatzate segurtasun-plan horiek diseinatzen, 2023ko Frantziako Tourraren antolakuntzarekin, Gendarmerie Nationale Française Frantziako Polizia Nazionalarekin, eta Garde Républicaine de France motor-gidariekin koordinatuta. Agente horiek ere parte hartuko dute egun horietan, agintaritza gorena Ertzaintzari dagokion segurtasun-planean.
Mugikortasun-murrizketa handiak
Aurkezpenean, euskal erakunde guztiek azpimarratu dute Euskaditik igarotzen diren 2023ko Frantziako Tourraren hiru etapetan oinezkoen eta ibilgailuen mugikortasunean izango diren murrizketak handiak izango direla, eta herritarrei beren mugikortasuna denboraz planifikatzeko, behar besteko aurrerapenaz informatzeko eta, batez ere, garraio publikoa erabiltzeko eskatu diete uztailaren 1ean, 2an eta 3an eragin handiak izango baitituzte.
Donostian
Uztailaren 2an, igandea, Frantziako Tourraren bigarren etapa Donostian amaituko da, eta astelehenean, uztailaren 3an, Iparralderantz aterako da. Hori dela eta, aldaketa garrantzitsuak izango dira hirian. Hala, bigarren etapako helmugako eremuak, Tourreko karabana ezartzeko beharrezkoak diren ondoko eremuak, eta hirugarren etaparen igarotze-ibilbidea kontuan hartuta, egun bakoitzean gutxi gorabehera 6 ordu eta erdiz itxi beharko dira hiriko gune batzuk. Aurreikusitako ibilbideetan eta haien inguruko eremuetan izango dira eragin horiek eta aldaketa garrantzitsuak ekarriko dituzte hiriaren ohiko funtzionamenduan. Udaltzainek, mugikortasun agenteek eta Frantziako Tourreko antolakuntzako pertsonek egingo dituzte bide eta gune horiek guztiak ixteko lanak.
Sagues eta Pasealeku Berria izango dira Tourreko karabanaren epizentroetako bat eta itxita egongo dira larunbatetik, uztailaren 1etik aurrera. Saguesen gune teknikoa kokatuko da, 80 kamioi baino gehiagorekin, eta bertatik lasterketaren segurtasuna, jarraipena eta funtzionamendua bermatuko dira. Horrekin batera, Zurriola hiribidea izango da beste puntu beroetako bat, helmuga Kursaal ondoan baitago.
Bestalde, Pasealeku Berriak hartuko du Tourreko teknikariak atsedena hartzeko eta biziberritzeko gunea eta, besteak beste, horiek arduratuko dira helmuga instalatzeaz eta desmuntatzeaz.
Udalak gomendatzen du herritarrek auto pribatua ez erabiltzea eta garraio publikoan mugitzea, nahiz eta, hauetan ere ibilbide eta ordutegi batzuk aldatu beharko diren.
Uztailaren 1a, larunbata
Uztailaren 1ean hasiko dira toki batzuk ixten; zehazki, Zurriola hiribidea 20:00etatik aurrera izango da itxita egun horretan, helmugako arkua eta podiuma muntatzeko.
Sagues eta Pasealeku Berria uztailaren 1eko 18:00etatik aurrera izango da itxita, eta uztailaren 2ko 23:00etan irekiko dira berriz.
Uztailaren 2a, igandea: 2. etaparen helmuga Zurriolan
Uztailaren 2ko etapa Donostian bukatuko da. Hiriko kale batzuetatik pasa eta, 4,8 km-ko ibilbidea egin ondoren, Zurriola hiribidean izango du helmuga. 16:57h inguruan sartuko da lasterketa hirian, Pasaia aldetik.
Ibilbidea: Buenavista etorbidea – Pasaiako portuko zeharbidea – Jose Elosegi alkatearen etorbidea – Ategorrieta – Nafarroa hiribidea – Zurriola hiribidea.
Ibilbide hori 12:00etatik 18:30era izango da itxita, gutxi gorabehera.
Bide horiez gain, Tourraren beharrak direla eta, Argentinako Errepublika, Boulevard, Miramar eta Askatasunaren hiribidea ere trafikorik gabe geratuko dira.
Uztailaren 3a, astelehena: 3. etapa hiritik igaroko da
Uztailaren 3ko (astelehena) etapak mendebaldetik ekialdera zeharkatuko du hiria, eta 19,3 km-ko ibilbidea egingo du udalerrian. Oriotik Igeldora sartuko da, eta Antiguatik, Erdialdetik eta Grosetik igaro ondoren, Pasaiatik irtengo da.
Ibilbidea: Aita Orkolaga – Cristobal Balenziaga – Igeldo pasealekua – Iruña – Zumalakarregi – Satrustegi – Kontxa – Zubieta – Easo – Askatasunaren hiribidea – Hernani – Bulebarra – Erregina Erregeordea – Zurriola hiribidea – Nafarroa hiribidea – Ategorrieta – Jose Elosegi alkatearen hiribidea – Pasaiako portuko zeharbidea – Buenavista etorbidea.
Gutxi gorabehera, 10:30etik 17:00ak arte izango dira bide horiek itxita, Igeldon izan ezik.
Bide horiez gainera, ondoko beste batzuk ere itxiko dira:
• Altza – Herrera: Altza pasealekuko biribilgunea – Herrera pasealekua – Peruene kalea.
• Bidebieta: Nornahi plazako biribilgunea
• Intxaurrondo: Zubiaurre biribilgunea – Txaparrene eta Mons pasealekua (Zubiaurre alderako desbideraketa)
• Gros: Euskadi plaza eta Jaialai – Ategorrieta
• Erdialdea: Foru pasealekua – San Martin
• Antigua: Europa plazako eta Pio Barojako biribilguneak – Mikelete pasealekua.
Igeldo
Baimenik gabeko ibilgailu pribatuetarako Igeldoko itxiera, inguruan autorik ez pilatzeko, egingo da igandean, uztailaren 2an, 10:00etan. Hala ere, auzotarrek, kanpineko bezeroek eta inguruko hotel eta jatetxeetan lekua gordeta dutela egiaztatzen duten autoek pasatzeko baimena izango dute uztailaren 3ko 10:30ak arte. Handik aurrera erabat itxita izango da. Ibilgailuentzako itxiera horrek ez du esan nahi lasterketaz gozatzeko beste modu batzuetatik igotzeko aukerarik ez dagoenik.
Erlazionatutako dokumentuak
2023/06/05-an argitaratua