Euskadik eginkizun gailena beteko du 2023ko Logistikaren Nazioarteko Azokan (SIL), Europan sektorearen erakusleiho nagusietako bat izanik. 25. edizio honetan, azoka ekainaren 7tik 9ra bitartean egingo da Bartzelonako Fira erakustazokako Espainiako Plaza barrutiko 8. pabiloian, eta Euskadi autonomia-erkidego gonbidatua izango da.
Bai Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburua, bai Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburua eta Pere Navarro CZFBko Estatuaren ordezkari berezia eta Logistikaren Nazioarteko Azokaren presidentea bat etorri dira adieraztean azokari esker Euskadik Europako Ardatz Atlantikoko nodo logistiko estrategiko gisa betetzen duen lekua erakutsi ahal izango duela, Europar Batasunak berak Atlantikoko Korridorean duen garrantziagatik aitortutako eginkizuna izanik.
SIL 2023 azokan, Euskadik erakutsiko du bere azpiegitura logistikoen sare zabalaren ahalmena, bere intermodalitateagatik eta, globalizazioaren erronkei aurre egiteko etengabe berritzen ari diren sektore publikoaren eta pribatuaren bidez, euskal enpresen beharrak nahiz beste leku batzuetarako bidean dauden salgaienak xurgatzeko aukerengatik nabarmentzen dena.
Bestalde, logistikaren nazioarteko foro honetan Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailetik logistika jasangarria sustatzeko etorkizunerako dituen asmoak azalduko ditu, eta Lan eta Enplegu Saila logistikarekin, eraldaketa sakon bati aurre egiten ari den sektorearekin, lotutako lanbideetan talentu berriak prestatzeko ematen ari den urratsak jakinaraziko ditu.
Idoia Mendiak azpimarratu du Euskadik duen garrantzia “Europatik penintsularen mendebalderako konexio-puntu estrategiko gisa, kontuan hartuta, azpiegiturez gain, datozen hamar urteotan zeregin logistikoetan, bai garraioaren arloan bai biltegiratzearen arloan, gora egingo duela aurreikusten den enplegu-bolumenari erantzuteko pertsonak prestatzeko plan bat daukagula”. “Izan ere, etorkizuneko apustua da inbertsioa teknologietan egitea ez ezik, pertsonetan ere egitea, eta erabaki dugu kalitatezko enpleguaren ikuspegia politika publiko guztien parte izatea”, erantsi du.
Era berean, Iñaki Arriolak hauxe jarri nahi izan du agerian: “Euskadi Atlantikoko Korridoreko nodo estrategiko bat da logistikaren arloan, Penintsula Iberikoa Europarekin konektatzen du eta, trenbidearen bidez, logistika jasangarria sustatzeko oinarriak ezartzen ari da, uko egin ezin zaion erronka izanik gizarte aurreratuentzat, eta, alde horretatik, SILek sektoreko agenteen arteko harremana sakontzeko aukera ematen du”.
Bestalde, Pere Navarrok azpimarratu duenez, “guretzat harro egotekoa da logistika-mailan hain garrantzitsua den lurralde bat SILen izatea. Horrek kalitatezko bultzada eta ezagutza sektoriala ematen dizkio ekitaldiari, eta, nazioarteko beste biltzar batzuen parte-hartzari batuta, Europa hegoaldean, Latinoamerikan eta Mediterranioan erabakitzeko ahalmena duten garrantzi handiko profesionalak barruti bakarrean elkartu dituen bilgunea bihurtu dute”.