GHIk hamabi I+G proiektu ditu martxan bere ekipoen digitalizazioa eta deskarbonizazioa handitzeko

Birziklatzea, deskarbonizazioa eta digitalizazioa. Hiru ardatz horietan oinarritzen da GHI Smart Furnaces enpresak jarraitzen duen estrategia. Galdakaoko enpresak industria-labe adimendunak egiten ditu mundu osoko 48 herrialde ezberdinetako bezeroentzat eta I+G+b arloan bere jarduera indartzearen aldeko apustua egin du, bere diru-sarreren % 5 baino gehiago bereganatzen baititu. Gaur egun I+Gko hamabi proiektu ditu irekita, “hiru zati berdinetan banatzen direnak ondorengoen artean: Eusko Jaurlaritzaren Hazitek (SPRI Taldearen bidez) proiektuak, CDTIkoak eta Europakoak”, nabarmendu du José Berasateguik, ingeniaritzako zuzendari nagusiak.  

Berasateguik eta Iñigo Guineak, taldeko CEOak, azpimarratu dutenez, “gure estrategiaren hiru ardatzak bat etorri dira merkatuaren beharrekin; izan ere, Europan berrindustrializazio-prozesu bat dago, batez ere Eskandinaviako herrialdeetan eta Estatu Batuetan. Horrela, bada, 2023aren amaierarako eskaera, fakturazio eta zorro markak gainditzea espero du konpainiak, 2020-2021 biurtekoaren balioak bikoiztuz. 

Hori lortzeko apustua argia izaten ari da, eta hala azaldu du Berasateguik: “Aluminioa birziklatzeko labe handietan espezializatu dugu eskaintza, energiaren kontsumoa aluminio primarioa ekoizteko behar denaren hogeirenera murrizten baitute; deskarbonizazioan zentratu gara, elektrifikazioaren eta hidrogenoaren bidez; eta digitalizazioan, lerroak adimendunak eta autonomoak izan daitezen». 

Hain zuzen ere, hidrogenoa da GHIk aurre egiten dion erronka handienetako bat. Eta lehen aipatutako hamabi proiektuetatik gutxienez biren bidez egiten du, biak SPRI Taldearen Hazitek programak lagunduak. Lehenengoak, ‘GHEmak‘, aluminioaren sektorea deskarbonizatzen laguntzea du helburu, aluminioaren birziklatze eta ekoizpen prozesuan hidrogenoa energia iturri alternatibo gisa erabiliz. Bigarrenaren, ‘H2Hornos’en, azken helburua da hidrogeno berdea soilik erabiltzea erregai gisa altzairugintzaren eta aluminioaren sektoreetan erabiltzen diren labe industrialetan, galdaketa, forja, ijezketa, tratamendu termikoak eta abar egiteko.  Horretarako, GHIk Aludium, Befesa, Nippon Gases España, Sidenor eta Tubacex enpresekin lan egiten du. Berasategiren arabera, bi kasuetan “lehenengo erronka materialen kalitatearena da. Aluminioak erraz xurgatzen du hidrogenoa, eta horrek prozesua berriro diseinatzea eskatzen du, errentagarria izan dadin”.  

2023, proiektuz betetako urtea

I+Gko ekimenez gain, Bizkaiko enpresak proiektu handiak ditu esku artean mundu osoan 2023an. Ipar Amerikan, adibidez, aluminioa birziklatzeko eta lingotoia ekoizteko giltza eskura lerro bat jarriko du, 40 tonako birziklatze-labe bat, zepa kentzeko makina bat eta lingotoia ekoizteko galdaketa-lerro bat barne. 

Iparramerikari Frantzia, Alemania eta Norvegia gehitu behar zaizkio, herrialde horietan ere euskal enpresak lan garrantzitsuak egingo baititu. Ondoko herrialdean, adibidez, aluminioaren ekoizle nagusiarentzat 120 tonako urtzeko eta erreberberorako labe bat garatuko du. 

Merkatu nazionalean, aurreikusitako beste lan batzuen artean, Latem Aluminium proiektua nabarmentzen da, Villabrázaroko (Zamora) lantegi berria hornitzeko. Bertan, urte amaieran urtzeko eta mantentzeko lau labe jarriko ditu. Era berean, Sabiñanigon (Huesca) Iberfoil handitzeko beste proiektu bati ekingo dio, eta aluminiozko ijezketa fina fabrikatzeko urtzeko eta mantentzeko bost labez hornituko du. 

SPRI Taldeak euskal enpresen I+G bultzatzen du tresnekin, aktiboekin, laguntzekin, lantalde eta aliantzekin, ikerketa sustatzeko eta teknologia berriak sortzeko. Elkartek, Emaitek edo Hazitek bezalako I+Grako laguntza programak kontsulta itzazu.