Lanbide Heziketako 5.0 Gastronomia Topaketak ostalaritzako 220 profesional bildu ditu Bilbon

  • Hezkuntza Sailak antolatuta, Estatuko autonomia-erkidego guztietako Ostalaritzako Lanbide Heziketako 42 eskolatako ordezkariak bildu ditu
  • Nazioartean ospea duten hainbat euskal sukaldarik hartuko dute parte, besteak beste, Eneko Atxak, Fernando Canalesek, Maria Asun Ibarrondok, Zuriñe Garciak eta Andoni Luis Adurizek

Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arevalok hasiera eman dio gaur goizean Bilbon Euskadiko Lanbide Heziketako 5.0 Gastronomia Topaketari, Hezkuntza Sailak antolatuta. “Gastronomia adimentsua, sortzailea eta jasangarria” lelopean, Azkuna Zentroak 220 profesional baino gehiago bilduko ditu gaur, batez ere Ostalaritzako Lanbide Heziketako ikastetxeetako arduradunak (hauei zuzendua baita topaketa), baina baita sukaldari ospetsuak (haietako batzuek Michelin izarren jabe), gastronomia sektoreko enpresetako arduradunak eta jatetxeetako areto-buruak ere.

Topaketaren helburua da Euskadiko Lanbide Heziketan ostalaritzarekin eta gastronomiarekin lotuta egiten ari den lana ikusaraztea eta ezagutaraztea, honako esparru hauetan: gastronomia adimentsua, berrikuntza eta jasangarritasuna.

Jorge Arevalo sailburuordeak eman dio hasiera instituzionala ekitaldiari, eta topaketa aurkeztu ondoren, Eneko Atxa sukaldariaren txanda iritsi da. Euskadiko Lanbide Heziketan ostalaritzako ikasle izandakoa, Larrabetzuko Azurmendi jatetxeko sukaldeburua egun eta bost Michelin izarren jabe, “Etorkizun hobea kozinatu dezagun” hitzaldia eskaini die Atxak bertaratuei.

Eraldaketa digitala

Euskadiko ostalaritza-eskolak ere etorkizunari begira ari dira lanean. Horren erakusgarri da gaur topaketan lantzen ari den ardatz edo eremuetako bat, bereziki Leioako Ostalaritza Eskolaren eskutik: ostalaritzaren esparruan gertatzen ari den eraldaketa digitala, edo gastronomia adimentsua deitua. Leioako Ostalaritza Eskolak dagoeneko ezarriak ditu bere instalazioetan –sukalde eta hozkailuen artean– robotika-sistemak, upategi eta biltegi adimendunak, 3D inprimagailuak, mahai interaktiboak eta bertako sukaldeen funtzionamendu erabat kudeatzen duen aplikazio informatikoa (elikagaien erosketak, biltegien kudeaketa eta stocka…).

Hala ere, gastronomiarako ingurune digital berri honen aurrean, eraldaketa digitalak ezinbestean eskatzen du fokua irakasleen prestakuntzan jartzea eta, bereziki, gastronomiari aplikatutako ikasleen gaitasun digitaletan. Azken hau ere topaketa honetan jorratuko den alderdietako bat izango da.

Baina etorkizunak eta eraldaketa digitalak badute zer ikasi gure sukaldaritzaren iraganetik eta belaunaldiz belaunaldi pasatu den ezagutza guztitik. Horregatik, Portugaleteko El Paladar jatetxeko Zuriñe García sukaldariaren hitzaldiak ardatz izango du ostalaritzan lehen urratsak egiten ari diren belaunaldi berrientzat tradizioak duen garrantzia.

Jasangarritasuna eta berrikuntza

Jasangarritasunari dagokionez, Lanbide Heziketako ikastetxeetan garatzen ari diren elikagaien ikerketa eta berrikuntzako proiektuak azalduko dira topaketan, besteak beste ekonomia zirkularreko proiektuak, elikagaien xahutzea murrizteko proiektuak, eta elikagaien arloko berrikuntza, hondakinak errebalorizatzeko eta gutxitzeko. Atal honetan parte hartuko dute, besteak beste, Galdakaoko Ostalaritza Eskolak, Bilboko Ostalaritza Eskolak (Artxanda) eta jasangarritasunean aditua den Cristina Ascorbek.

Sukaldaritzaz eta ekoizpenaz gain, aretoan ematen den zerbitzuaz ere arituko dira, arlo horretako profesionaltasuna balioan jarrita eta aretoko zerbitzu-lanera bideratutako profil profesional berriak aztertuta. Gai horretaz arituko dira euskal gastronomiako izen handiak, besteak beste Bilboko El Atelier jatetxeko Fernando Canales, Amorebieta-Etxanoko Boroa jatetxeko Maria Asun Ibarrondo, Bilboko Gu2-ko Mónica Pujana, eta Errenteriako Mugaritzeko Andoni Luis Aduriz.

Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroak, zuzenean ari da ematen topaketako lehen egun honetako saioak, Youtubeko bere kanalaren bidez. Hona esteka: https://youtube.com/live/rIVCNsduzpY?feature=share

Bihar, hilak 9 eta topaketaren bigarren eguna, parte-hartzaileek Leioako eta Bilboko Ostalaritza eskolak bisitatuko dituzte, lehen egun honetan jorratu diren gaiak bertatik bertara ezagutzeko, baita euskal Lanbide Heziketan gastronomia adimentsuaren, berrikuntzaren edo jasangarritasunaren inguruan garatzen ari diren proiektuak ikusteko ere. Topaketa bihar amaituko da Lanbide Heziketako bi ikastetxe horietan eskainiko den bazkariarekin.