Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gamiz-Fikako Burdin Hesiaren defentsaren 86. urteurreneko ekitaldietan parte hartu du. Bizkaiko herriko hilerrian egindako lore-eskaintzan, Melgosak hitz batzuk izan ditu eroritako gudarientzat, “beren bizitza, zuten gauzarik preziatuena, Euskadiren alde, beren herrialdearen alde eman zutenentzat”.
“Harro jaso nahi dugu haien lekukoa, gaur egun ere aldarrikatu behar baita norberaren herriaren orainarekin eta etorkizunarekin konprometitzea merezi duen kausa bat dela; gaur egun ere beharrezkoa delako askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde borrokatzea; gaur egun ere beharrezkoa delako erreakzioari eta totalitarismoei aurre egitea; eta gaur egun ere beharrezkoa delako giza eskubideak defendatzea, sistematikoki urratzen direlako”, esan du.
Gerra Zibilean eta frankismoaren garaian desagertutakoen gorpuzkiak berreskuratzeko lanari dagokionez, Nerea Melgosak argi utzi nahi izan du hau “ez dugu atsedenik hartuko gudari bat lubaki batean, hobi batean edo areka batean egon bitartean”. Bestetik, sailburuak adierazi duenez, “lanean jarraituko dugu gorpuak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzeko; haien alde, haien familien alde, eta gizarte gisa dugun duintasunaren alde ere”.
Eta gaineratu duenez, “biktimak aitortzeko, egia berrezartzeko eta printzipio eta balio etikoak eta demokratikoak balioan jartzeko beharra da gure oinarria”. Ildo horretan aipatu duenez, espero du Legebiltzarrean laster onartuko dela Memoria Historiko eta Demokratikoaren Euskal Legea, “demokrata guztiok partekatzen ditugun printzipio eta balio horien isla zehatza izango dena”.