- Hitzarmen bat sinatu dute, bertako kideek lan-eremuan berdintasunaren arloko prestakuntza izan dezaten bultzatzeko
- EAEn 1.400 enpresa baino gehiago dira Berdintasun Plan negoziatu bat izan behar dutenak, eta hauetatik 742k erregistratu du jada
Emakundek eta Lan Harremanen Kontseiluak (LHK) lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute enpresetan berdintasun-planak negoziatzen dituzten batzordeei laguntza eta aholkularitza emateko. Premia hori nabarmenagoa egin da urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretua (berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituena) onartu zenetik; izan ere, dekretu horren arabera, berdintasun-plana egitera eta aplikatzera behartuta dauden enpresek (50 langile edo gehiago dituztenek) nahitaez negoziatu behar dute, bai diagnostikoa bai berdintasun-plana.
Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak eta LHK-ko presidente Tomás Arrietak sinatu dute hitzarmena, eta Elgarrestak adierazi duten bezala, “enpresetan berdintasun-planak arian-arian ezartzea garrantzi handiko erronka da, eta aukera ematen du Lan Harremanen eremuan genero-berdintasunaren arloan aurrera egiteko”. Hitzarmen honen berehalako aurrekaria Elkarrizketa Sozialerako mahaiko genero-berdintasunerako taldearen proposamen bat da. Talde horrek Emakunderi eskatu zion LHKrekin lankidetza-esparru egonkor bat bilatzeko, genero-berdintasunaren eta negoziazio kolektiboaren eta lan-bitartekaritzaren arloan adituak diren pertsonak bilduko zituen lantalde bat sortzeko eta elkar ikasteko, arlo horretan ezagutza aurreratua sortzeko eta enpresetako berdintasun-batzordeei aholkularitza eta laguntza emateko, hitzarmen hau sinatu ondoren abiaraziko den esperientzia pilotuaren esparruan.
Garrantzitsua da azpimarratzea EAEn 1.400 enpresa baino gehiago direla Berdintasun Plan negoziatu bat izan behar dutenak, eta horietatik jada 742 enpresek erregistratu dutela. Horrela, enpresek eta sindikatuek parte hartzen duten negoziazio-batzorde horiek osatzen dituzten pertsonek lan-eremuan berdintasunaren arloko laguntza eta aholkularitza jaso ahal izan dezaten, Emakundek eta LHKk hitzarmen hau sinatu dute, eta, azaldu den bezala, genero-berdintasunaren arloan espezializatutako pertsonen eta negoziazio, bitartekaritza eta lan-harreman kolektiboetan espezializatutako pertsonen arteko ikaskuntzara bideratutako esperientzia pilotu bati estaldura emango dio. Halaber, urratsak emango dira berdintasun-planen diagnostikoan, negoziazioan, ezarpenean eta ebaluazioan parte hartzen duten batzordeei laguntza emateko, pilotaje gisa.
Era berean, hitzarmen honen baitan, Emakundek EHU-UPVrekin kontratu bat sinatzea aurreikusten du gida bat egiteko berdintasun-planak negoziatzeko prozesuetan parte hartzen duten batzordeek laguntza-tresna bat izan dezaten.
Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, hitzarmen hau beste urrats bat da Emakundek enpresekiko sustatutako lan-ildoan. Lerro honek honako hauek ditu: enpresentzako aholkularitza; laguntza-materialak sortzea; laguntza ekonomikoak (400.000 euro azken deialdian), 327 enpresak baino gehiagok laguntza kontratatu ahal izan baitute berdintasun-diagnostikoak eta -planak egiteko; enpresei laguntza teknikoa emateko aholkularitza-enpresak homologatzea; berdintasunaren arloko lankidetza-erakundeak ziurtatzea; eta enpresen artean sinergiak eta sareak sortzea berdintasuna sustatzeko, hala nola Bai Sarea edo Berdintasunaren aldeko erakunde publikoen sarea.