Jaurlaritzaren Kontseiluak Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren agindua onartu du, merkatarien elkarteen jarduera bultzatzeko Hirigune laguntzak arautzen dituena. Guztira 1.850.000 euro bideratuko dira laguntza horiek finantzatzeko.
Hirigune 2023 programaren helburua hiri-merkataritzaren lankidetza, dinamizazio eta lehiakortasuneko zonako estrategiak sustatzea da, Euskadiko merkataritza-sektorea biziberritzeko. Euskal merkataritza-elkarteei eta merkatarien elkarteen eta merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako elkarte mistoen jarduerei laguntzea da helburua.
Aurrekontuz hornituko diren proiektuak lan partekatua eta enpresen arteko lankidetza sustatzen dutenak izango dira, sektorea eta haren modernizazioa hobetu eta indartuko duten jarduerak bultzatzeko. Tokiko eta hurbileko merkataritzaren ikusgarritasuna ekarriko duen merkataritza-giro bizia eta bizigarria sortzea sustatuko dutenak, eta merkataritza-sektorearen modernizazioa eta merkaturatze-bide guztietan duen presentzia bultzatuko duten irtenbide berriak sustatuko dituztenak.
Laguntza hauen onuradun izango dira udal merkatarien elkarteak, elkarte mistoak eta hiriko merkataritzako plataformak, taldeak edo elkarteak. 2023. edizio honetan, Hirigune deialdia norgehiagoka gabeko modalitatean egiten da. Sistema hori erabiliz gero, laguntza erakunde guztien artean banatuko dela bermatuko da, baldin eta laguntzaren onuradun izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.
Eskabideak aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da, eta argitaratu eta 30 egun naturaleko epean amaituko da.