Jokin Bildarratz sailburuarekin batera, Lehendakariak harrera egin die gaur goizean BCAM, BCBL eta BC3 Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroetako arduradunei, zentro horien 15. urteurrena dela eta. Hezkuntza Sailaren BERC (Basque Excellence Research Center) sarea osatzen dute zentrook.
Basque Center for Applied Mathematics – BCAMek matematika aplikatuaren esparruan garatzen du bere ikerketa-lana. Gaur egun, 25 herrialdetako 150 ikertzaile baino gehiago ditu. Estatuko Ikerketa Agentziak hiru aldiz jarraian egiaztatu du «Severo Ochoa» bikaintasun-zentro gisa, eta sari hori munduko ikerketa-erakunde onenei ematen zaie bere arloan.
Basque Centre for Climate Change – BC3 2008an hasi zen lanean, eta gaur egun 100 langile baino gehiago ditu ikertzaileen eta teknikarien artean. Haren helburua da erabakiak hartzeko garrantzitsua den ezagutzaren koprodukzioa sustatzea, klima-aldaketaren ingurumen-dimentsioak, dimentsio sozioekonomikoak eta etikoak integratuz.
Basque Center on Cognition, Brain and Language –BCBL kognizioa, garuna eta hizkuntza ikertzeko diziplinarteko nazioarteko ikerketa zentroa da. Gaur egun, 100 ikertzaile baino gehiago ditu, 12 ikerketa-taldetan lan egiten dutenak.