«Festetan ere aske, Indarkeria sexistarik ez!», da aurtengo leloa, Ane Oyarbide jarduneko Berdintasuneko zinegotziak adierazi duenez.
Oyarbidek adierazi duenez, «Ohikoa den moduan, hiriak indarkeria sexista mota oro arbuiatzen duela ikusarazi nahi dugu, eta herritarrak sentsibilizatu nahi ditugu, errespetuan ez ezik, edozein eraso sexista salatzeko eta ez isilarazteko premian ere».
Kanpaina hori egiteko, informazio baliagarria duten hainbat material prestatu dira lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez, eta neska-mutilei zuzenduta daude. Horiez gain, kanpainaren leloa duten txapak, eskumuturrekoak, eta itsasgarriak prestatu dira (azken horiek ekimenean parte hartu nahi duten tabernetan jarriko dira). Era berean, udaletxeko alboko balkoian jarriko den pankarta bat ere prestatu da.
«Gainera, iaz egin genuen bezala, Bulebarreko prentsa-kiosko zaharra berriz ere puntu morea izango da jaietako indarkeria matxisten aurrean informazioa, prebentzioa eta arreta emateko», adierazi du Berdintasuneko zinegotziak. «Puntu horretan, indarkeria eta jokabide matxisten inguruko sentsibilizazioa eskainiko da, eta botere- zein menderatze-joerak eta -harremanak prebenitzeko premiaz ohartaraziko da. Era berean, errespetuan oinarritutako harreman afektibo-sexualak sustatuko dira eta festetan gerta daitezkeen indarkeria matxistako kasuei erantzungo zaie» azaldu du.