Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluko (CSIC) presidentea, Eloísa del Pino, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU) izan da errektorearekin, Eva Ferreirarekin, egun jardunean dauden UPV/EHU-CSIC ikerketa zentro mistoak zuzenean ezagutzeko: Biofisika Institutua eta Materialen Fisika Zentroa.
Bizkaiko Campuseko UPV/EHUko Zientzia Parkean izan da gaur CSICeko presidentea, zentro horietan lehena bisitatzen. Errektorearekin batera egin du bisita (harekin bilera instituzionala egin ondoren), eta beraiekin izan dira Inmaculada Arostegi, Ikerketaren arloko errektoreordea, eta Javier Aizpurua ere, CSICen Euskadiko ordezkaria. Bihar, asteartean, Gipuzkoako Campusera joango da Materialen Fisika Zentroa bisitatzera, eta alboan izango ditu Carlos Closa, CSICeko Erakunde Harremanetarako eta Antolaketako presidenteordea, UPV/EHUko errektoreordea eta CSICeko ordezkaria.
Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak, Eva Ferreirak, esker onez hartu du bisita. Azaldu duenez, “bikaintasunean oinarritutako ikerketa da Euskal unibertsitate publikoaren identitatearen gako nagusia. Hartara, CSICekin lankidetzan aritzen gara abangoardiako ikerketa egiten duten zentroen bitartez; eta, aliantza estrategikoa denez, bisita hau aprobetxatu nahi izan dugu bien arteko harremana estutzeko eta etorkizunean izan litekeen lankidetzarako formulak aztertzeko».
Zentzu horretan, Eloísa del Pinok, CSICeko presidenteak, azpimarratu du zein garrantzitsua den CSICen eta euskal unibertsitatearen arteko lankidetza, batez ere bioteknologiaren eta nanomaterialen arloan, eremu estrategikoak baitira bi erakundeentzat. “CSIC erakunde aldakor eta dinamikoa da, eta badaki arlo bakoitzaren errealitateari nahiz lurralde bakoitzak bikaintasunerako duen potentzialari egokitzen. Bereziki pozgarria da niretzat bertatik bertara ezagutzea CSICeko eta UPV/EHUko zentro mistoen arteko lankidetzaren arrakasta”.
Biofisika Institutua (IBF) Biofisikaren oinarrizko ikerketan eta ikerketa aplikatuan aritzen da eta, ezagutza zientifikoa sortuz eta aplikatuz, bioteknologia eta giza osasunaren arloetako erronkei aurre egiteko lan egiten du. Materialen Fisika Zentroaren ikerketa (CFM), ostera, materialen zientziaren oinarrizko alderdietan zentratzen da: material nanoegituratuen, polimeroen eta materia bigunaren morfologia eta propietate elektronikoak, eta material fotonikoak aztertzen ditu.