- Donostiako Easo Politeknikoak eta Tolosako Inmakulada Ikastetxeak Tknikarekin garatu duten proiektua lehen postuan gelditu da, Estatuko 300 ikastetxek baino gehiagok aurkezturiko proiektuen artean
“Ongizate emozionala Euskadiko Lanbide Heziketan” izeneko proiektuak lehen saria lortu du “Ongizate emozionala hezkuntza arloan” sarien lehen edizioan, Estatu osoko ikastetxeek aurkeztutako 300 proiektu baino gehiagoren aurretik.
Saritutako proiektua (Ongizate emozionala Euskadiko Lanbide Heziketan) Donostiako Easo Politeknikoa eta Tolosako Inmakulada Ikastetxeak garatu dute, Tknika-ren koordinaziopean (Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa Aplikatuko Zentroa, Hezkuntza Sailarena). Ikastetxe horietako ordezkariek 8.000 euroko saria jaso dute gaur eguerdian, Madrilen egindako sari-banaketa ekitaldian. Bi ikastetxeek B modalitatean aurkeztu zuten proiektua, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Lanbide Heziketako eta Helduen Hezkuntzako irakaskuntzak ematen dituzten funts publikoekin sostengatutako ikastetxeentzako modalitatean.
Ongizate emozionala Euskadiko Lanbide Heziketan
Easo Politeknikoa LHIIk eta Inmakulada Ikastetxea 2021-2022 ikasturtetik aritu dira berrikuntza aplikatuko proiektu bat lantzen, Lanbide Heziketako ikasleen ongizate emozionala hobetzeko. Horretarako, ikasgelarako lan-materiala ere sortu dute, bai ikasleek beren emozioak ezagutu ditzaten, bai prebentziorako, erresilientziarako eta sentimenduak lantzeko.
Proiektuak hasieratik izan du helburu Lanbide Heziketako ikasgeletan ongizate emozionala lantzea, garatzea eta sustatzea. Ikasleak, irakasleekin batera, gaitasun sozial eta emozionala hobetzeko tresnak eta baliabideak garatzeko gai izan daitezen bilatzen du proiektuak, horrela, bizitzan zehar sortuko zaizkien zailtasun eta oztopoei aurre egin ahal izan diezaieten.
Helburu hori jomugan hartuta, Lanbide Heziketako ikasleen egoera animikoa aztertu zuten, pandemiaren eragina eta honek gazteen artean izan duen bizipenarekin batera. Azterketa egin ondoren, ikasleei zuzendutako programa bat diseinatu zuten. Bertan, ikasgelan lantzeko hezkuntza-materialak garatu zituzten, beren ongizate emozionalari eusteko edo hobetzeko, eta hainbat erronkari edo ezbeharrei aurre egiten laguntzeko materialak. Jarduera guztien artean, ikasleei ongizate emozionaleko espazio lagunkoiak sortzeko lanari ere ekin zioten.
2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan, ikastetxe horiek hamaika jarduera, tailer, mahai-inguru edo jardunaldi egin dituzte ikasleen ongizate emozionalarekin estuki lotutako gaiei buruz, hala nola, depresioa, antsietatearen prebentzioa, harreman toxikoak, trebetasun emozionalak nola garatu, online joko arduratsua, adikzioen prebentzioa (ludopatia barne), drogen kontsumoari buruzko tailerrak edo suizidioaren prebentzioari buruzkoak, besteak beste. Era berean, sortutako material guztia biltzen duen web-orri bat ere badu proiektuak, hezkuntza-komunitate guztiarentzako irekia dagoena.
Pandemiak, konfinamenduak eta, ondorioz, hezkuntza-jarduera presentziala bertan behera uzteak sortutako egoerari erantzuteko sortu zen proiektua. Gizartea bizitzen ari zen salbuespenezko egoera ezaguturik eta egoera hori gazteen artean izaten ari zen inpaktua aintzat hartuta, bi ikastetxe horiek eta Tknikak aurrea hartuz eta ondorioei erantzun emanez erreakzionatzea erabaki zuten, “Ongizate emozionala Euskadiko Lanbide Heziketan” proiektua abian jarrita.
“Ongizate emozionala hezkuntza arloan” sariak Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak antolatzen ditu. Hezkuntza-komunitatearen ongizate emozionala sustatzeko eta zaintzeko proiektuak eta jarduerak ezartzeko ikastetxeek egiten duten ahalegina aitortzen dute.