- Zentroak laborategi berriak ditu, eta bertan, belaunaldi berriko egoera solidoko bateria-gelaxkak garatzen jarraituko dute, % 100ean Europako teknologiarekin
- Basquevolt ekimen eraldatzailea da, tokiko teknologiarekin, ekonomia eta enplegua sortzen dituena, deskarbonizazioa bultzatu eta ingurumena hobetzen laguntzeko
- Iñigo Urkulluk garapen teknologiko eta industrialaren adibidetzat jo du Basquevolt, “made in Euskadi”, gure industria sektorearen dinamismoaren, berrikuntzaren eta lankidetzaren, adibide
- Lehendakariak ekosistema erakargarria sortzen eta talentua erakartzeko eta Euskadin geratzeko baldintzak hobetzen jarraitzera animatu du
Iñigo Urkullu lehendakaria, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin batera, “Basquevolt Innovation Center” I+G zentro berriaren inaugurazioan izan da. Zentro horretan, laborategi berriak jarri dira martxan, eta bertan, belaunaldi berriko bateria-gelaxkak garatzen jarraituko da, % 100ean Europako teknologiarekin. Lehendakariak gure industria sektorearen dinamismoaren, berrikuntzaren eta lankidetzaren, adibidetzat jo du proiektua, “laborategiko ikerketa” eta “bateria-prototipo berriaren fabrikazioa” batzen dituen adibide gisa.
Basquevolt S.A. 2022an hasi zen lanean, litiozko bateriak egoera solidoan egiteko materialak garatu eta fabrikatzeko. Patentatutako teknologia propioa du, polimeroen eta material ez-organikoen konbinazio bat, litiozko bateriak artearen egoeratik haratago eramaten dituena. CIC energiGUNEn arlo honetako ikertzaile ospetxuenetako batzuek 10 urte baino gehiagoz egindako ikerketaren emaitza da. “Hau Basquevolt da. Tokiko teknologia duen ekimen eraldatzailea da, ekonomia eta enplegua sortzen dituena, deskarbonizazioa bultzatzen eta ingurumena hobetzen laguntzeko”, azpimarratu du Iñigo Urkulluk.
Sortu eta urtebetera, egoitza Miñaon (Araba) duen konpainiak 40 langile baino gehiago ditu, 15 nazionalitatetako nazioarteko adituek eta tokiko talentu gazteak osatutako taldea da. Talde horrek errendimendu osoz lan egiten du bere teknologiaren garapenean eta eskalatze industrialean, eta kapital publiko-pribatuko konpainia munduko enpresa aurreratuenekin lehiatzen da. Lehendakariak aitortu du ez dela erraza proiektu aitzindari eta berritzaile batek, hain sektore ireki eta lehiakorrean, emaitza positiboak aurkeztu ahal izatea urte bakar bateko esperientziaren ondoren, baina “Basqueboltek lortu du, eta “liburu-proiektu” bat da: garapen teknologikoa eta industriala “made in Euskadi”. Erronka global guztietan eragina duen ekimen eraldatzailea: digitala, energetikoa, klimatikoa eta soziala. Europak berrindustrializazioaren alde egindako apustuarekin lerrokatuta”, adierazi du.
Lehendakariak, bere hitzaldian, ekosistema erakargarri bat sortzen jarraitzera animatu du, teknologia-parkeak, ikerketa- eta garapen-zentroak, unibertsitate-ahalmena eta euskal enpresek industriaren, automobilgintzaren eta energiaren sektoreetan dituzten trakzio-gaitasunak batuta; eta baita talentua erakartzeko eta Euskadin geratzeko baldintzak hobetzen jarraitzera ere. “Giza baliabideetako inbertsioa, prestakuntza eta sustapena funtsezko aktiboa da puntako azpiegituraz, teknologiaz eta ekipamenduz hornitutako ekosisteman”, adierazi du.
“Helburu bera dugu: gizarte gisa aurrera egitea. Egunero gure bizi-kalitatea hobetzea. Eginkizun horretan beti egongo gara, guztion helburu bera lortu nahi dugulako: haztea eta aberastasuna sortzea, inbertitzea eta enplegu-aukerak sortzea”, amaitu du Lehendakariak.
Basquevolt
Basqueboltek aurreikusten du 20Ah-ko gelaxkaren lehen prototipoa urte honen amaieran fabrikatuta izatea, eta bere hurrengo helburua da 1GWh-ko ekoizpen-lerro bat martxan jartzea 2025aren amaieran; horrela, posible izango da automobilgintzako merkatura iristea 2027an.
Automobilgintzaren sektoreko elektrifikazioan duen eraginaz gain, Basquevolt enpresaren bateriek energia geldikorreko biltegiratze lehiakorragoa ahalbidetuko dute, baita aireko eta trenbideko garraioko elektrifikazioan aurrerapenak egitea ere.