Gobernu Kontseiluak gaur onartu du 30.000 euroko dirulaguntza Jakin Fundazioarentzat “Eskafandra” Bilduma Feministaren baitan, Rafia Zakaria idazle feministaren “Against White Feminism. Notes On Disruption” obra euskarara itzultzeko eta argitaratzeko.
Dirulaguntza honen helburua da pentsamendu feministaren baitan giltzarri diren liburuak euskarara ekartzea Jakin Fundazioaren “Eskafandra bilduma” egitasmoaren barruan. Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren ustez, garrantzitsua da mota honetako obrak euskaraz eskuragarri izatea, alde batetik, euskarazko produktuen eskaintza handitu eta aberastu egiten delako, eta bestetik, euskararen normalizazioan eta gizon-emakumeen berdintasunean urratsak emateko balio duelako.
Rafia Zakariaren “Against White Feminism. Notes On Disruption” obrak feminismo inklusiboaren alde egiten du kulturartekotasunaren ideian sakonduz. Liburu honetan emakume zurien esperientziak oinarri dituen pentsamendu feminista hegemonikoa osatu eta beste arraza batzuetako emakumeen ekarpenak ere aintzat hartzen ditu.