Autoaren erabilera partekatua, “car sharing” bezala ezagunagoa dena, mugikortasun eredu oso zabaldua da, batez ere Europan. Euskadin sustatzeko asmoz, 2008an Eusko Car Sharing Elkartea sortu zen Bilbon, hainbat ekimenen bidez autoaren erabilera zentzudunagoa eta arduratsuagoa bultzatu nahi duen erakundea. Gaur egun, gero eta jende gehiagori zerbitzua ematen dioten hiru ekimen ditu martxan: Ibilkari Car Sharing, Ukanauto eta Auzokar.
“Autoari lotutako ohiturak aldatzeko beharraz jabetuta, gure helburua da norbanakoari ibilgailuaren erabilgarritasuna eskaintzea, jabetzaren ordez. Kontua mugikortasunean atzera egin gabe, aukera malguak eskaintzea da, eta hori gizartearen ikuspegitik egitea, autoa modu eraginkorragoan erabiliz, bizi-kalitatearen eta ingurumenaren mesedetan”, azpimarratu du Iker Maguregik Esko Car Sharingeko zuzendariak.
Hori horrela, 2009an Ibilkari Car Sharing ekimena sortu zen, egunero autoa behar ez duen edonori zuzendutako aukera. “Banakako mailan, dirua aurrezteko modu bat da; izan ere, ibilgailu baten jabetzak dakartzan kostu finkoen ordez (erosketa, mantenua, zergak, etab.), egindako orduaren eta distantziaren arabera ordaintzeko aukera ematen du. Baina, horrez gain, erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten laguntzeko, CO2 emisioak saihesteko eta klima-aldaketari aurre egiteko aukera ere bada, eta, horrela, udalerri iraunkorragoak sortuko dira”, ziurtatu du Maguregik. Zerbitzua baliatzeko, erabiltzaileak mugikorrerako aplikazioaren bidez autoa erreserbatu behar du edozein ordutan, ibilgailua eguneko 24 orduetan egongo baita erabilgarri.
Bi urte geroago, 2011n, Ukanauto iritsi zen, Uribe Kostako Mankomunitatea osatzen duten udalerrien ekimena. “Hasieratik argi ikusi zuten, bizikleta partekatzeko ekimenarekin batera, autoa partekatzea garraio kolektiboaren osagarri izan zitekeela, eta autoaren erabilera esklusiboaren alternatiba. 12 urte igaro dira zerbitzua hasi zenetik, eta herritarren oniritzi orokorraz gain, urtez urte zerbitzu horren erabilera handituz joan da. Zehazki, 2022an 30.000 kilometro baino gehiago pilatu zituen, 2021ean baino bi aldiz gehiago”, zuzendariak zehaztu duenez.
Hedapena erronka gisa
Eusko Car Sharing irekita dago beste edozein udalerri edo eskualdetan horrelako ekimenak garatzen laguntzeko. “Benetan uste dugu Euskadi osora zabal daitekeela”, ziurtatu du Maguregik. “Urteak igaro ahala, gero eta konbentzituago gaude ‘car sharing’ -a udalerri askoren parte izango dela datozen urteetan. Kezka eta helburu klimatikoek, mugikortasun aukera ezberdinak eta iraunkortasunarekin lerrokatutako gizarte baten beharrak eszenatoki horretara garamatzate”, gehitu du. Hala ere, elkarteak zalantza bat planteatzen du zentzu horretan: “zein erritmotan nahi dugu hau errealitate bihurtzea? Bide horretan funtsezkoa da laguntzeko borondatea, eta hedapen-helburu hori lortzea, hein handi batean, horren mende egongo da”.
Gaur egun, Estatu osoan sektore honetan urte gehien daramatzan ekimena da, eta bere ibilbideak ondorio batzuk ateratzeko balio izan dio, hala azaldu du Maguregik: “Alde batetik, espero baino gehiago kostatzen da gure bizimodua aldatzea; eta, beste alde batetik, hori lortzeko beharrezkoa ikusten dugu lurralde-mailan ‘car sharing’-a ikuspegi estrategiko batetik integratzea. Horrek esan nahi du udalerrien arteko sinergia-sareak sortzea eta garraio publikoaren osagarri gisa ezartzea, denboran iraun dezan eta epe luzerako emaitzak izan ditzan. Europako ekimenik arrakastatsuenak horrela garatu dira, eta orain ereindakoa jasotzen ari dira”.
SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.