Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok hasiera eman dio gaur Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Basquetourrek antolatutako “Let´s MICE” jardunaldiari, azoka eta kongresuen MICE turismoko profesionalei zuzendutakoari.
Sailburuak gogorarazi duenez, turismoaren sektorea izan zen pandemiak gehien kaltetu zuenetako bat, eta, bereziki, MICE sektorea, zeinak “oraindik ez duen pandemiaren aurreko 2019ko zifra berreskuratu, Euskadin 2.025 ekitaldi egin zirenean, baina suspertze-bide oso onean dago jada. Hiru euskal hiriburuetako Convention Bureaux-etatik helarazten dizkiguten datuen arabera, iaz 1.720 ekitaldi profesional erregistratu ziren Euskadin, 339.912 kongresukide bilduta”.
Sailburuak azaldu duenez, MICE turismoa garrantzizkoa da, profesionalak erakartzeagatik eta ematen duen Euskadiren irudiagatik ez ezik, hainbat elementurengatik ere. “Lehenik eta behin, desestazionalizazio bikoitza sustatzen duelako: bai urtean zehar, kongresuak eta azokak ez baitira normalean udako hilabeteetan egiten, bai astean zehar. Bigarrenik, helmugaren posizionamenduagatik: MICE turismoa negozio-aukeren motorra da, eta Euskadiren irudia eta eskaintzen dituen aukerak posizionatzen laguntzen du.
Hirugarrenik, eta oso garrantzitsua, aisiako turismo bihurtzeko duen gaitasunagatik”.
Gainera, sailburuak Let ‘s MICE jardunaldiaren laugarren elementu bat ekarri du gogora. “Gure begirada ekitaldien legatura ere itzuli behar dugu, maila askotan onura dakarkielako helmugari eta komunitateari. Ekonomia orokorrari onurak ematen dizkio, helmugak birsortzen laguntzen du, ezagutzaren dibulgazioa sustatzen du eta berrikuntza eta sormena bultzatzen ditu. Eta inplikazio eta balio sozialak ere dakartza berekin”.
“Laburbilduz, jardunaldi honekin MICE sektorearen jardueraren aldeko urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Ekitaldi bakoitza sektore garrantzitsuen potentzialtasunak proiektatzeko aukera bat da, eta balio erantsia ematen du. Eta ikuspegi etiko batetik egin nahi dugu, bere garapenaren lekuari balioa emango diona, iraungo duen legatu batean. Izan ere, filosofia hori da gure Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren ardatza, dagoeneko 620 enpresa baino gehiago dituena atxikita” esanez amaitu du sailburuak.