INDEUS, Industriaren Euskal Plataformak bere lantaldeak bildu ditu eta kide berri bati ongietorria eman

Arabako Parke Teknologikoak hartu zuen ekainaren 23an Industriaren Euskal Plataformako lantaldeen batzarra eta topaketa honetan LEYCOLAN enpresari ongietorria eman zitzaion. Usurbilen kokatutako enpresa, energia sektorekoa da eta argiteria kudeatzeko soluzio berritzaileak eskaintzen ditu.

Lantaldeen batzarreko lehen atalean Metapostari buruzko informazioa jaso zuten bertaratu zirenek: Postontzi digital adimendunaren kontzeptuan oinarrituta, dokumentuak kudeatzeko prozesuak arindu eta sinplifikatzen dituen plataforma eskaintzen du erakunde honek, bereziki sinadura elektronikoa, dokumentuen entrega bermatua eta dokumentuen legezko zaintza. Ondoren LKS Next Legal enpresaren txanda izan zen, enpresentzat dituzten zerbitzuak aurkezteko. Bai batak zein besteak euren zerbitzuak euskaraz ere eskaintzen dituzte.

Aurkezpenok bukatuta, INDEUSek dituen hiru lantaldeetan bildu ziren kideak, hau da, Inguru Digitala, Euskarazko Produktuak eta Atariko lantaldeetan, bakoitzari zegozkion gaiak aztertu eta hurrengo urratsak erabakitzeko, batez ere urte hasieran finkatutako bi arloak nabarmenduz:

  1. Enpresetan derrigorrezko ikuskaritzak egiten dituzten enpresekin lanean jarraitzea ikuskaritzok euskaraz egiteko aukera bermatzeko.
  2. Euskadiko erakunde publiko eta pribatu askok erabiltzen dituzten softwareetan hizkuntza-eskaintzan euskara txertatzea eskatzeko kanpaina abiarazi.
  3. Trebakuntza desberdinak euskaraz egiteko dauden arazoei konponbide bila.

Aurten bost urte bete ditu INDEUS Industriaren Euskal Plataformak eta dagoeneko 32 enpresek egin dute bat ekimenarekin. Urte amaierarako kopurua handitzea espero dute plataformako arduradunek.

Zer da Indeus?

INDEUS Industriaren Euskal Plataforma da, 2018. urtean sortua, Spri-Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak, Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek bultzatzen dutena. Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak lantzeko. Eta ibilbide honetan INDEUSek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izanik euskara industria sektore eta esparru gehiagotara hedatzeko asmoarekin.

Indeus kideak

32 hauek dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen ari diren enpresa eta elkarteak: AMPO, BATZ, BIELE GROUP, BRTA, CAF, CEIT, CIKAUTXO, COPRECI, DANOBATGROUP, EGA MASTER, EGA SOLUTIONS, EGOIN, EIKA, ELAY, ENERGIA KLUSTERRA, ESLE ELKARTEA, EUSKAL HERRIKO ITSAS FOROA, FAGOR, GAIA KLUSTERRA, GOIZPER, IKERLAN, INNOBASQUE, LEYCOLAN, MAIER, OREKA IT, ORKLI, ORONA, PETRONOR, SISTEPLANT, TECNALIA, ULMA CONSTRUCCIÓN eta VICOMTECH.

Erakunde publikoak, berriz, sei: Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Spri-Enpresen Garapenerako Agentzia, Energiaren Euskal Erakundea eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru aldundiak.