Enpresa sariek helburu bikoitza dute: alde batetik, eskolako ikasleen lana aitortzea; bestetik, alderdi berritzaileak izanik dagokion eremuan garapen berriak sortzeko aukera eskain ditzaketen lanak sustatzea.
Leire Benito del Valle Urrutiak, Kontrol Ingeniaritza, Automatizazioa eta Robotika Masterra Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Management Solutions Saria irabazi du, izen bereko enpresak eraldaketa digitalari lotutako lan onenari ematen dion saria. “Analysis of transformer neural networks as quality feature extractors in natural images. Application to plant disease analysis” da MALaren izena, Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko Artzai Picón irakasleak zuzendu du eta 1.000 euroko saria jasoko du. Jose Arrieta Management Solutions enpresako bazkideak entregatu du saria.
Proiektu honen helburu nagusia izan da transformer sare neuronalen mugak eta aplikagarritasuna aztertzea, landareen gaixotasunen sailkapenaren testuinguruan. Azterlanak erakutsi du sare neuronal hauek gainditu egiten dituztela beste eredu batzuk, sailkapenari, clusteringari eta esplikagarritasunari dagokienez. Beraz, transformer-ek potentzial ikaragarria dute eredu faborito izateko landareen gaixotasunen irudien sailkapenean. Bereziki, fine-tuning bidez entrenatutako kobariantza gurutzatuko irudi eraldatzailea (XCiT) da aukerarik hoberena, aztertutako kasu guztiak gainditu dituelako.
Bestetik, Tradewind Tankers Saria, izen bereko itsas konpainiak Nautika eta Itsas Nabigazioari lotutako GRAL/MAL onenari ematen dion saria, Mónica Barturen Gomezarentzat izan da, Nautika eta Itsas Garraioko Gradua Bilboko Ingeniaritza Eskolan. 1.500 euro jasoko ditu “Extracción de información de visibilidad de los registros océano-meteorológicos para aplicaciones marítimo costeras. Caso práctico puerto de Bilbao” izeneko GRALarengatik, Maria de las Mercedes Maruri Matematika Aplikatuko Saileko irakasleak zuzendutakoa.
Proiektuaren helburu nagusia izan da une jakin batean ontzi batek duen irismen bisualari buruzko informazioa lantzea, batik bat itsasertzeko nabigazioan, funtsezko faktore bat delako itsasontziaren segurtasuna bermatzeko. Gizarte onuratzat har daiteke, beraz. Gainera, ikuspenaren kontzeptuan sakondu du, kontuan harturik ikuspenak itsas-kostaldeko jardueretan duen garrantzia, bai eta aztergai den eremuko ikuspenari buruzko informazioan ere. Lana oinarritu da Bilboko portuaren kasuan. Carlos Juan Panek Tradewind Tankers taldeko ordezkariak entregatu du saria.