Nerea Melgosa, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, gaur goizean agertu da Gobernu Kontseiluaren ondorengo prentsaurrekoan, Haurren eta Nerabeen Legearen proiektua aurkezteko. Melgosak nabarmendu duenez, lege honen helburua da “adin txikikoentzako oinarrizko giza eskubideak eta askatasunak sustatu eta bermatzea, indarkeria eta babes gabezia mota guztietatik babestuz”.
Berrikuntzarik esanguratsuenen artean daude, besteak beste, haurraren edo nerabearen goi-interesa eskubide substantibo gisa onartzeko eskubidea, eta gizartean eta haren eskubide eta betebeharrei eragiten dieten politika publikoetan modu autonomoan entzuteko eta parte hartzeko eskubidea. “Helburua da haurrak eta nerabeak eskubideen titulartzat hartzea, eta ez bakarrik babes-subjektutzat”, esan du Melgosak.
Sailburuak azaldu duenez, proiektu honek haur eta nerabe guztiak babestuko dituen lege-esparru sendoa ezarri nahi du, haur eta nerabeen eskubideei buruzko nazioarteko, Europako eta Estatuko itunen xedapen garrantzitsuak sartuz”.
Proiektuak NBEko Haurren Eskubideen Batzordearen ohar orokorrei erantzuten die, batez ere, haurrak indarkeriaren aurka erabat babesteari, indarkeriarik gabeko balioak sustatzeari eta horren inguruko kontzientziazioari dagokienez. Gainera, Estatuko legeria sartu eta garatzen du, 8/2015 Lege Organikoa eta 26/2017 Legea barne, bai eta haurrak eta nerabeak indarkeriatik babesteko 8/2021 Lege Organikoa ere.
Nerea Melgosak argudiatu duenez, «gure xedea da NBEren oharrei erantzutea, gure legeria estatuko legeriara eta nazioarteko legeriara egokituz eta garatuz».
Proiektuak tratu onaren kontzeptua ere biltzen du, bizitzeko eskubideari eta osotasun fisiko eta psikikoari lotua. Horretarako, adingabeak garatu eta babesteko egoera sustatu, egoera kaltegarriak prebenitu eta horietan esku hartzea du ardatz, bai indarkeria kasuetan, bai familian babesik ez dagoenean.
«Lege-proiektu hau gure haur eta nerabe guztien ekitate-, inklusio- eta babes-balioekiko konpromisoaren adierazgarri da», adierazi du Melgosak.
Bestalde, aurkeztutako agiriak adingabeen nortasunaren garapen librea bermatu nahi du, haien eskubideak erabiliko direla bermatuz eta urratutako eskubideak berreskuratu eta lehengoratu nahian. Politika publiko guztietan sustapen- eta prebentzio-ikuspegia barneratzen du, kontuan hartuz sektoreetako erabakiek adingabeengan izan ditzaketen ondorioak. Gainera, familiak, gizartea, haurrak eta nerabeak eta botere publikoak inplikatu nahi ditu.
Nerea Melgosak azaldu duenez, “administrazio publiko guztiek modu artikulatuan hartu behar ditugu sustapen-, prebentzio-, arreta- eta babes-neurriak”. “Gure helburua adingabeen nortasunaren garapen librea bermatzea da, haien eskubideak modu eraginkorrean erabiliko direla ziurtatuz eta haien eskubideei egin dakizkiekeen kalte edo urraketei erantzunez”, esan du.
Proiektuak zenbait organo eta tresna sortzea jasotzen du, hala nola Haur eta Nerabeentzako Erakunde arteko Organoa, Haur eta Nerabeentzako Euskal Kontseilua, Haur eta Nerabeentzako Foroa eta Haur eta Nerabeentzako Euskal Informazio Sistema.
“Tresna horien helburua zeharkako politiken plangintza eta garapena bultzatzen duten datuak eta adierazleak biltzea da”, azaldu du Melgosak.
Amaitzeko, sailburuak gogorarazi du «gure haurrak eta nerabeak ez direla etorkizuna bakarrik, oraina ere badira, eta gure betebeharra da gizarte gisa ahalik eta baldintzarik onenak eskaintzea haien garapenerako eta ongizaterako».