Hezkuntza Sailak 68 milioi euro bideratu ditu unibertsitatez kanpoko ikasleei zuzenduriko beketarako

  • Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 18tik irailaren 30era bitartean egongo da zabalik
  • Baldintzak betetzen dituen familia orok laguntza jasoko duela bermatzen du Hezkuntza Sailak

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, unibertsitateaz kanpoko ikasketak egiteko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua, 2023-2024 ikasturterako. Deialdiak 68 milioi euroko zenbatekoa du orotara.

Beka-deialdi honen helburua da ikasle guztien hezkuntzarako eskubidea bermatzea, berdintasun-egoeran hezteko egon daitezkeen muga ekonomikoak edo desorekak berdinduz.

2023-2024 ikasturterako deialdi honek, honako ikasketa maila hauetarako beka eta dirulaguntzak hartzen ditu bere baitan:

–  Batetik, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Musika eta Dantzako oinarrizko irakaskuntzak burutzen ari diren ikasleak eskolatzeko bekak eta laguntzak.

Aipaturiko maila horietako ikasleei zuzenduriko bekek honako osagai hauetako bat edo zenbait har ditzakete beren baitan: kuota osagaia; ikasmaterialetarako osagaia; eta jantokiaren osagaia.

–  Bestetik, derrigorrezko hezkuntzaren ondoren egiten diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzatarako ere deitzen dira beka eta laguntzak. Hauen artean daude: Batxilergoa; Lanbide Heziketako zikloak; Arte plastikoak eta diseinua (Heziketa-zikloak); Musikako eta Dantzako irakaskuntza profesionalak; Kirol-irakaskuntzak; Hezkuntza administrazioaren titulartasuneko eskola ofizialetan egiten diren hizkuntza-irakaskuntzak.

Ikasketa maila hauetako ikasleek eskatu ahal izango dituzten bekek osagai hauek dituzte: Eskatzailearen errentari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Eskatzaileak ikasturtean duen bizilekuari lotutako zenbateko finkoko osagaia; Oinarrizko bekaren osagaia; Errendimendu akademikoan izandako bikaintasunari lotutako zenbateko finkoko osagaia; eta Zenbateko osagarriaren osagaia.

Aurreko ikasturteetan legez, Hezkuntza Sailak bermatzen du baldintzak betetzen dituzten familia guztiek jasoko duela dagokien laguntza ekonomikoa. Horretarako, deialdi honen diru-kopurua (68 milioi eurokoa) handitu egin dezake Hezkuntza Sailak, beharrezko izanez gero. Era honetan, ikasle guztiek hezkuntzarako eskubidean aukera berberak izatea eta familiaren egoera ekonomikoa zailtasun gehigarri bat ez izatea bermatzen da.

207.289 laguntza

2022-2023 ikasturte honetan, 114.165 ikaslek jaso dituzte unibertsitateaz kanpoko hezkuntza-mailetarako bekak Euskadin, eta 207.289 laguntza eman ziren guztira (beka-osagaiak aintzat hartuta).

Ikasturte honetan (2022-2023 beka deialdian) onuradun izan diren ikasleei eskaera-inprimakia beteta emango zaie. Eskaerak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 18tik irailaren 30era bitartean izango da zabalik.