- Postuan 2016tik egon den Margarita Uriari hartuko dio txanda
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Unai Aberasturi Gorriño Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendari berria izendatzen duen dekretua. Unibertsitateko doktorea eta gaian aditua denak Margarita Uriari hartuko dio txanda, 2016ko otsailetik postuan egon ondoren erretiroa hartzea erabaki baitu.
Unai Aberasturi Gorriñok erantzukizun hori bere gain hartzeko egokitasun-baldintza guztiak betetzen ditu; izan ere, pertsona independentea eta profesionala da, eta bere ibilbide akademikoa datu pertsonalen babesaren ikerketari, azterketari eta erregimen juridikoaren irakaskuntzari estu lotuta dago.
“Datuak Babesteko Euskal Agintaritza” berria
Unai Aberasturi Gorriñoren izendapena “Datu Pertsonalak Babesteari eta Datuak Babesteko Euskal Agintaritzari buruzko Lege Proiektu” berria Legebiltzarrean izapidetzen ari direnean egin da, Euskadiko arlo publikoaren ardurapeko datu pertsonalen tratamenduaren kontrola eta gainbegiratzea arautzeko sortutako testu arau-emailea izanik.
Testuaren berrikuntza nagusia egungo “Datuak Babesteko Euskal Bulegoa” ordezkatuko duen “Datuak Babesteko Euskal Agintaritza” sortzea da. Berez, araudi berri honek Euskadin gaur egun indarrean dagoen eta titulartasun publikoko fitxategien erabilpena arautzeko eta “Datuak Babesteko Euskal Bulegoa” eratzeko sortu zen araudia ordezkatuko du. Funtsezko aldaketa da datuen babesaren arloko erakunde-antolaketan, orain arte izandako Bulegoaren araubide juridikoa, antolaketa eta eskumenak aldatzen baititu.
Agintaritza berria administrazio-organo independentea izango da, eta nortasun juridiko propioa eta euskal administrazio publikoak zaintzeko, kontrolatzeko eta ikuskatzeko gaitasuna izango ditu. Gainera, edozein irregulartasun ofizioz nahiz interesdunak eskatuta ikertzeko eta zehatzeko ahalmena ere izango du. Aldizkako edo unean uneko ikuskapenak egin ahal izango ditu, ofizioz edo interesdunek eskatuta, datu pertsonalen babesa eta tratamendua urratu den edozein kasutan. Horrez gainera, indarrean dauden arauak betetzen diren egiaztatzeko prebentziozko auditoretza-planak ere egingo ditu. Horretarako, ikuskariak lokaletara sartu ahal izango dira, datu pertsonalak dituzten informazio-sistemak edo euskarriak aztertu ahal izango dituzte, datuen tratamendua kudeatzen duten programa eta aplikazioak edo agiriak bidaltzeko eskatu ahal izango dute eta, beharrezkoa izango balitz, horien kopia ere eskatu ahal izango dute. Gainera, ikuskatutako pertsonaren etxean ere sartu ahal izango dira honen baimenarekin edo dagokion baimen judizialarekin.
Aplikazio-eremua erakunde hauen datuen tratamendua da: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, toki-administrazioak, Eusko Legebiltzarra, Batzar Nagusiak, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, Arartekoa, lan-harremanen kontseilua, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordea, legebiltzar-taldeak, batzarkide-taldeak edo udal-taldeak, unibertsitateak, bai eta sektore publikoa edo Eusko Legebiltzarra osatzen duten erakundeak, administrazio-agintaritza independenteak edo pertsona fisiko edo juridikoak ere baldin eta datu publikoak tratatzen badituzte.