Esférica Rioja Alavesa jaialdiak musika, artea eta gastronomia batzen dituen programa erakargarria eskainiko du abuztuan

  • Morcheeba, Morgan, Sylvie Kreusch, Gatibu, Oracle Sisters, Verde Prato eta Messura daude, besteak beste, jaialdiko musika-proposamenaren buruan

  • Abuztuaren 18tik 20ra bitartean izango da, Guardiako, Eltziegoko eta Bastidako agertoki berezietan

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko foru diputatu Cristina Gonzálezek eta Esférica Rioja Alavesa jaialdikozuzendari Carlos Montillak Esférica Rioja Alavesa2023 jaialdiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute gaur arratsaldean, Gasteizko Merkatuaren terraza panoramikoan, lurraldeko kultur eragileen aurrean.Guardiako eta Eltziegoko alkateak ere bertan izan dira, Raúl García eta Juan Carlos Uribe, hurrenez hurren.

Esférica Rioja Alavesa lehen mailako sustapen-elementu bat da Arabako Errioxako enoturismoarentzat eta ondare historiko eta naturalarentzat, eta kalitatezko jaialdi bat, bere turismo-sektorerako jarduera sortzen duena udako denboraldia jaisten hasten denean. 2022ko edizioak 3.700 parte-hartzaile baino gehiago bildu zituen eta 350.000 euroko eragin ekonomikoa izan zuen, eta zifra horiek hirugarren edizio honetan finkatzea espero dugu, Cristina Gonzálezek azaldu duenez.

Javier Hurtado sailburuak nabarmendu duenez,Esférica Rioja Alavesa ezin hobeto txertatzen daturismo jasangarriaren aldeko gure apustuan, eskualdearekin duen konpromisoa aldarrikatzen baitu, eta jasangarritasuna gehitzen dio bere kontzepzio osoari. Ildo horretan, gogorarazi behar dugu jasangarritasunak 3 eremutan egon behar duela, hau da, ingurumenean, arlo soziokulturalean eta ekonomikoan. Horrek tokiko garapena eta helmugan inplikatzea esan nahi du, eta horrelako ekitaldiek ekarpen garrantzitsua egin dezakete.

Esperientzia berdingabea

Esférica Rioja Alavesa jaialdiak ulertzeko modu berri bat proposatzen du, publikoari esperientzia paregabeaz gozatzeko aukera ematen baitio, Arabako Errioxako gune berezietan kokatutako kontzertu esklusiboen bidez, eta bertako ardo eta gastronomia onenarekin lagunduta. 2021eko lehen edizioaren arrakastaren ondoren, 2022an finkatu zen jaialdia, eta aurten itzuliko da hirugarren edizioarekin, abuztuaren 18tik 20ra.

Guardiak, Eltziegok eta Bastidak beren ondare historikoa eskainiko dute oraingo honetan, lau zutabetan oinarritutako programazioarekin: musika, artea, gastronomia eta lurraldea. Arabako Errioxaren kultura- eta ondare-balioak aprobetxatzea da helburua, bost zentzumenekin gozatzen den proposamen desberdin eta berezi bat sortzeko.

Kontzertu hauen eszenatokiek ondare historikoaren ikonoak eta Arabako Errioxako ardoaren arkitektura uztartzen dituzte: Santiago Calatrava arkitekto ezagunak diseinatutako Ysios upeltegienkanpoaldea, Abadia dorrea eta Guardiako Félix María de Samaniego parkea; Bastidako Bakearen plaza; eta Eltziegoko Plaza Nagusia izango dira musika-emanaldien agertoki nagusiak.

Esférica Rioja Alavesaren hirugarren edizioak artistak eta ikusleak harremanetan jarriko ditu formatu txikiko hamar kontzertutan, giro oso berezia sortzen duten gune berezi horietan. Kartela nazioko eta nazioarteko talde eta bakarlariek osatzen dute:Morcheeba, Morgan, Sylvie Kreusch, Gatibu, Oracle Sisters, Verde Prato eta Messura, German Salto, Tito Ramírez eta sorpresaren bat.

Tokiko gastronomia eta km0 produktuak ere protagonista izango dira, proposamen desberdin eta zainduen bidez. Esférica Rioja Alavesak programazio artistikoa zabaltzearen aldeko apustua egin du hirugarren edizio honetan, Yoann Bourgeois diziplina anitzeko zuzendari artistikoaren presentzia berretsiz Ysios upeltegietan. Artista horren koreografiak publikotik harago zabaltzen dira, eta bere sorkuntzak poesia bisual gisa balioesten dira.

Esférica Rioja Alavesak jasangarritasuna eta inklusibotasuna ditu bereizgarri. Konpromiso hori, besteak beste, honako hauetan islatzen da: garraio publikoaren bidezko mugikortasun-plan bat, udalerrien eta jaialdiko agertokien artean; eta hondakinen kudeaketa arduratsua, edalontzi/kopa berrerabilgarrien, material naturalekin egindako altzari eta agertokien, eta hondakinen gaikako bereizketaren bidez.

Era berean, kontzertuetan, mugikortasun urriko pertsonentzako guneak eta sarbideak erreserbatzen ditu, eta autobus egokituen bidez eskaintzen da garraio publikoa.

Informazio gehiago eta sarrerak jaialdiaren webgunean: www.esfericariojaalavesa.com