Susana Talayero, Nadia Barkate eta ANTI liburu-denda Gure Artea 2023 sarien irabazleak

  • Susana Talayerok ibilbide artistikoaren saria jasoko du; Nadia Barkatek sorkuntza-jardueraren aitorpena; eta ANTI liburu-dendak, berriz, arte plastikoen eta ikusmen-arteen arloan hainbat agentek egindako jardueraren aitorpena.
  • Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak sarituen berri eman du Guggenheim Bilbao Museoan. Sari-banaketa udazkenean egingo da Donostian.

Gure Artea sariak Euskal Autonomia Erkidegoan arte plastikoen eta ikusmen-arteen arloan ematen diren sari garrantzitsuenak dira, eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak aurtengo irabazleen izenak jakinarazi ditu gaur. Epaimahaiaren erabakiz, honako hauek dira aurtengo Gure Artea saria jasoko duten pertsonak eta erakundeak:

  • Ibilbide artistikoa aitortzeko saria: Susana Talayero
  • Sorkuntza-lana aitortzeko saria: Nadia Barkate
  • Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: ANTI liburu-denda

Gaur goizean Guggenheim Bilbao Museoan egindako prentsaurrekoan —Kultura sailburuorde Andoni Iturbek ere bertan parte hartu du— sarituak eta epaimahaia ere bertan izan dira. Aurtengo Gure Artea Sarien epaimahaia Aimar Arriola komisarioak, Nora Aurrekoetxea artistak, Rakel Esparza kultur programatzaileak eta Miren Vadillo arte-historialariak osatu dute. Epaimahaiburuak, Iñaki Imaz margolari eta irakasleak, sarituak aukeratzeko arrazoiak azaldu ditu.

Sarituek 20.000 euro jasoko dituzte. Sariak banatzeko ekitaldia udazkenean egingo da Donostian, San Telmo Museoan.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriaren esanetan, sari horien bidez, lehendabizi, saritutako artisten lana aitortu nahi da, bestetik, artista horiek gizarteari egiten dioten ekarpena azpimarratu nahi da, eta, azkenik, euskal artea munduan zabaldu nahi da, honen ezagutza handiagoa lortuz. Sailburuaren iritziz, sari hauekin helburu horiek lortzen dira; gainera, sariak onartu berri den Kultura 2028 Plan Estrategikoan jasota daude.

Ibilbide artistikoa aitortzen duen saria: Susana Talayero

Aurtengo Gure Artea sarien epaimahaiak erabaki du Susana Talayero artista bilbotarrari ematea bere ibilbide artistikoa aitortzen duen saria. Epaimahaiak azpimarratu duenez, Talayeroren 30 urte baino gehiagoko ibilbidea “dedikazio eta iraunkortasunaren sinonimoa da, ikerketa plastikoko lan bat, estudioan egunerokoa egitearen inguruan antolatua”. “Erroman egin zuen lehen etapatik bere obra berrienera arte, aurkitutako euskarri eta materialekin egindako lana da, ez aurrez pentsatutako edo programatutako gai gisa, baizik eta inguruan duen horretara irekita egotearen ondorio gisa”.

Bestalde, epaimahaiaren ustez, “Susanaren sorkuntza-lanak banakako lana gainditzen du, eta garrantzitsua da, halaber, euskal artearen testuinguruari hark egindako ekarpenak aitortzea, lankidetzako egoeren eta esperientzia kolektiboen bidez”. Ildo horretan, besteak beste, 2008 eta 2023 urteen artean garatutako hezkuntza-esperientziak —ARTIUM, Arte Ederren Museoa eta Guggenheim Bilbao Museoa bezalako museoetako hezkuntza-sailekin lankidetzan— nabarmendu dituzte, helduei eta adingabeei zuzendutako arte-tailerren bidez, biak gizarte-bazterkeria jasateko arriskuan baitaude.

Susana Talayeroren lana aurki dezakegu Bilboko Arte Ederren Museoan, ARTIUM Museoan, San Telmo Museoan, Calosa Mexico Fundazioan, BilbaoArte Fundazioan (lan saritua 2020), Mallorcako Santanyí Kultur Etxean (d ‘Arts Visuals 2019 izeneko lehen saria), besteak beste. Susana Talayero Bilboko Carreras Múgica galeriak ordezkatzen du eta gaur egun 2023ko abenduan han egingo den bakarkako erakusketa prestatzen ari da.

Sorkuntza-lana aitortzeko saria: Nadia Barkate.

Nadia Barkate bilbotarrak aurten sorkuntza-lana aitortzen duen Gure Artea saria jasoko duela erabaki du epaimahaiak.

Epaimahaiaren arabera, Nadia Barkate azken urteetako euskal eszenan oso belaunaldi aktibo bateko artista azpimarragarria da. Duela hamarkada bat ekin zion bere ibilbideari, eta bere zeregin artistikoa marrazkian oinarritzen da batez ere: “esan liteke, gaur egun, nahiz eta batzuetan beirari putz egineko obrekin osatu, bere lan guztia marrazki bakarra dela, gehienetan zuri-beltzean, nahiz eta kolorearen munduan sartu-irten zehatz batzuk egin. Irudi handi bat edo fikzio handi bat bezalakoa da, etengabe eraikitzen ari dena, presarik gabe, egiten dituen erakusketetan erakusten dituen zatien baturaren bidez, eta etengabe hazten jarraitzen duena, mundu propio bati gorputza eta irudia emanez, zeinarekin egileak harreman pertsonala duen, harekin erlazionatzeko zentzuan, beste pertsona batekin zintzotzen ariko balitz bezala. Izaki arrotzez betetako mundu bat da, beti zainduak, interpretatu gabeak, eta ez bakarrik egilearen psikologiari erantzuten dion leku misteriotsu batera garamatzana, baizik eta irudi, espazio, landaredi eta abarren tratamendu inpertsonal eta arketipikoan nolabaiteko imajinario kolektibo bat proiektatzeko aukera ematen duena.”

Epaimahaiak, haren lanen artean, nabarmendu du Rekalde Aretoko “Gure Artea” eta “Carreras Múgica” galerian egindako erakusketa kolektiboetan parte hartu duela Kiko Perez izenburuarekin (Carreras Múgican Kiko Perez, Elena Aitzkoa, Lorea Alfaro, Nadia Barkate, Javi Soto, June Crespo); 2008an hasi zen bere jarduera ezaguna egiten. Beka batzuen ondoren, bere lana Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo ikusten hasi ziren. Horrela, berak ere Pekinera irtetea erabaki zuen eta, ondoren, Berlinera joan zen bizitzera. Gaur egun bertan jarraitzen du lanean eta erakusketak egiten. Horrez gain, Berlinen egindako lanaren ondorioz, alemanezko bi marrazki- eta poema-liburu argitaratu dituela nabarmendu du epaimahaiak.

Arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko saria: ANTI liburu-denda

ANTI liburu-dendak arte plastiko eta ikusizko arloan agenteek egindako lana aitortzeko Gure Artea saria jasoko du. Javier Nevado da proiektu honen burua.

Erabaki horren oinarrian honako hau dago: duela 20 urte Bilboko San Frantzisko auzoan liburu-dendak ateak ireki zituenetik, “letren, pentsamenduaren eta arte plastiko eta ikusmen-artearen arteko topaleku funtsezkoa bihurtu da. Funts bibliografiko zainduaren eta doako jarduera publikoen programa aberatsaren bidez, ANTIk Bilboko ehun artistiko eta kulturalari eta euskal testuinguruari egiten dion ekarpena paregabea da. Epaimahaiaren arabera, “bere ekarpena egunerokoan neurtzen da, ezagutzera ematen duen artisten liburu berri bakoitzean, hartzen duen erakusketa bakoitzean, bertan bi hamarkadatan gozatu ahal izan den tailer, aurkezpen edo performance bakoitzean.”

 

Informazio gehigarria