Biltegiklik proiektua materialak entregatzeko orrien erregistro digitalerako sistema bat da, eta zentro mailan partekatutako karpeta batean gordetako Excel fitxategien bidez funtzionatzen du entrega horrek. Helburua honako hau da: EEGko ESIko osasun-zentroetan eta anbulatorioetan pazienteei material sanitarioak banatzeko kontrola hobetzea, medikuntzako, erizaintzako eta biltegiko profesionalen arteko informazioa eta komunikazioa eguneratzeko sistema digital baten medioz. Kabiezesko Anbulatorioko profesional-talde batek bultzatutako ekimena da; zeladorez, erizainez eta administrari laguntzailez osatuta dago talde hori, eta 2023ko Eskertze Saria jaso du, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean egindako Profesionalak Aintzatesteko jardunaldian, «ESI digitalizatu eta adimenduna» delako erronkaren barruan.
Sistema berri horrek ordeztu egingo du orain arte erabili izan den eredua: geroago erregistratu egiten zen eskabide-orria. Sistema horrek zenbait eragozpen ditu:
- agindutako materialen zerrenda ez da beti historia klinikoan erregistratuta geratzen.
- azken eguneraketaren data ezezaguna da eta, beraz, zalantzak sortzen dira pazientea helarazten ari den informazioaren indarraldiari buruz.
- Gainera, pertsona erizaintzako kontsultara joaten denean materialak birjartzera, ez du beti gogoratzen erabiltzen dituen materialen marka, eta osasun-langileek denbora asko eman behar dute biltegiaren bidez informazioa biltzen.
- Azken batean, kudeaketari dagokionez, baliabideen zentzuzko erabileraren kontrola nahaspilatsuagoa izatea eragiten du, banakako fitxa bakoitza kontsultatu behar baita entregatutako mota bakoitzeko materialen global bat lortzeko.
BiltegiKLIK sistemaren funtzionamendua
Biltegiklik sistemarekin gainditu egiten dira eragozpen horiek; izan ere, alde batetik, banakako fitxa bat sortzen da paziente bakoitzarentzat, erizaintzako kontsultatik edo kontsulta medikotik agin daitezkeen material mota guztiak bateratzeko. Banakako fitxa guztiak erregistro komun batean lotzen dira, eta erregistro hori indize gisa erabiltzen da. Horrela, errazagoa da beharrezko informazioa iragazkien bidez bilatzea, eta datuen multzoa arinago eta osoago kudea daiteke.
Ildo horretan, erizaintzako langileak paziente bakoitzaren banakako fitxan sartzen dira, eta azken entrega-data eta agindutako materialen zerrenda egiazta dezakete bertan. Kasu bakoitzean entregatu beharreko materialen informazioa eguneratu dezakete, paperik erabili gabe. Materialak behar dituen pertsonak zentroko biltegira joan behar du. Bertan, zeladoreek beren fitxa pertsonala eta eguneratua kontsultatuko dute partekatutako karpetan, dagokion entrega eta erregistroa egiteaz gain.
Alta berrien kasuan, erizainek inprimatutako orri bat betetzen dute. Pazienteak biltegian entregatuko du orri hori, eta zeladoreak izango du Excel erregistroan alta emateko eta alta hori datu-basearen indize orokorrarekin lotzeko ardura. Une horretatik aurrera, erizainek pazientearen fitxa pertsonala eskuratu ahalko dute, eta beharrezkoa denean eguneratu.
Azken batean, sistema berri horri esker, zentroetako biltegietako material-entregak arinago kudea daitezke, papera ezabatzen da eta erregistro-denborak murrizten dira. Emandako materialei buruzko informazioa ateratzea ere ahalbidetzen du; hala, errazagoa da osasun-zentro bakoitzak emandako materialen estatistikak eta kontrol orokorra egitea.