Iñaki Gorostiza (Eldu): “Digitalizazioaren alde egiteak gure bezeroen instalazio elektrikoetarako eredu diktiboak lortzeko aukera eman digu”

Joan den maiatzean, Elduk goi-tentsioko instalazioen mantentze-lanei eta eraikuntzari eskainitako 60 urteak ospatu zituen. Ibilbide luze horretan, Bizkaiko enpresak etengabeko hazkundea izan du, eta Euskadiko industria-enpresen goi-tentsioko energia elektrikoaren mantentze-lanen % 80a kontrolatzen du. Gainera, 1983an Bilbon eratu zenetik, enpresak bere negozio-eredua errepikatu du Iruñean, Zaragozan, Madrilen, Andaluzian, Gaztela Mantxan edo Valentzian, eta 6.000 bezerotik gorako mantentze-kontratu lortu ditu. 

Azken urteotan, Elduk digitalizazioaren aldeko apustu garbia egin du, eta SPRI Taldearen BIND 4.0 programan parte hartu du. “Eraldaketa digitalak aukera emango digu gure bezeroekin online konektatuta egoteko, gure barne-prozesuetan eraginkortasun handia izateko, eta gure bezeroen mantentze-lanetan hartzen ditugun datuen kopurua kudeatu ahal izateko”, azaldu du Inaki Gorostizak, Elduko zuzendari nagusiak. Gainera, “datu horiek behar bezala kudeatzeak aukera eman digu aurresateko ereduak garatzeko, eta horiek, aldi berean, zerbitzua hobetzen dute”, gehitu du. 

Bere 60 urteko historiak etorkizunera begiratzera bultzatzen du enpresa, “balio erantsi handiko zerbitzu teknikoak ematean bezeroekin dugun harremana maximizatzea eta zerbitzuen sorta handitzea bezalako erronkekin”, Gorostizak azaldu duenez. Adibide gisa, duela bost urte Bedian (Bizkaia) Eldu Trafo Services sortu zela aipatzen du konpainiako zuzendari nagusiak. Potentzia-transformadoreak konpontzen dituen filiala da, “merkatuan arrakasta handia izan duena eta gure bezeroei produktu eta zerbitzu berrietan berritzen jarraitzera bultzatzen gaituena” gaineratu du. 

SPRI Taldearen helburuetako bat euskal enpresen eraldaketa digitala da. Besteak beste, Basque Industry 4.0, BDIH Konexio, Zibersegurtasun Industriala, Enpresa Digitala edo Inplantalariak laguntza-programen bidez bultzatzen du.