Lehendakariak nabarmendu du EBk berrikuntzan eta bikaintasunean egindako euskal inbertsioa onartzen duela, eta bere erakundeei dei egin die Makroeskualde Atlantikoko proiektuarekin bat egiteko

Lehendakaria “munduan leku gailena mantentzen jarraitzearen” alde agertu da, “horrek berezi egiten baikaitu”, esan du. Iñigo Urkulluk egun hauetan Gasteizko Nazioarteko Zuzenbideko eta Nazioarteko Harremanetako Ikastaroetan parte hartzen ari diren ikasleak eta ikastaroaren arduradunak hartu ditu gaur eguerdian Lehendakaritzan egin den ekitaldian.

Foro horren aurrean, lehendakariak adierazi du Euskadik “gero eta protagonistagoa” izan nahi duela nazioartean; “hori bai, gure herriak berezko dituen printzipioak eta balioak mantenduz: ahaleginaren kultura, prestakuntza, gure tradizioak, euskara, auzo-elkartasuna, etengabeko hobekuntza, ekintzailetza edo mundura zabaltzea”.

Adibide moduan, bikaintasun zientifikoa euskaldunon ezaugarrietako bat dela esan du, eta Europar Batasunaren azkeneko RIS 2023’ Txostena aipatu du, Euskadi “berrikuntza handiko” Europako eskualdeen artean kokatzen duena eta “bikaintasun-polo” gisa mantentzen duena. “Inbertsio sendoa egiten dugu hain garrantzitsua den gai horretan, eta Europak aitortu egiten ditu politika horien emaitzak” –adierazi du.

Esku-hartzearen beste une batean, Iñigo Urkulluk Makroeskualde Atlantikoa aipatu du –Euskadik Arku Atlantikoko Batzordeko Lehendakaritzatik sustatzen duena– “herrialde-helburu” gisa, eta isurialde atlantikoko lurraldeei eta Europako erakundeei proiektuarekin bat egiteko deia egin die.