Udalerrietako hirigintza genero-ikuspegiarekin bultzatzeko laguntzak

Gobernu Kontseiluak Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolaren Agindua onartu du. Agindu horren bidez, hirigintza inklusiboari buruzko diru-laguntzen deialdia egiten da. Diru-laguntza horien helburua da genero-ikuspegia sartzea udal-plangintzan eta -hirigintzan, eta, besteak beste, lurraldeko baliabide eta ekipamenduetarako sarbidean gizonen eta emakumeen berdintasuna bermatzea eta espazio publikoetan emakumeen segurtasuna handitzea.

Udalei zuzendutako laguntzek 200.000 euroko zuzkidura dute guztira, eta genero-ikuspegia udaletako hirigintza-planetan benetan txertatzea sustatu nahi dute lehentasunezko lau ekintza-arlo tematikotan —lurraldearen antolamendua eta hirigintza, mugikortasun jasangarria, landa-ingurunea eta gobernantza— hainbat ekintza estrategiko aurrera eramanez.

Genero-desberdintasunak daude hiriak eta herriak bizitzeko moduan eta baita ekipamenduak eta zerbitzuak erabiltzeko premien inguruan, edota horietarako sarbidean. Horregatik, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren iritziz, genero-ikuspegia hirien diseinuan txertatzea funtsezko tresna da gizonek eta emakumeek baliabide guztietara baldintza berberetan irismena izateko aukera bermatzeko.

Jarduera-eremu desberdinetan antzemandako desberdintasunen behaketatik ondorioztatzen da neurri zehatzak hartu behar direla, besteak beste, eremu publikoan emakumeen segurtasuna hobetzen laguntzeko, puntu beltzak kenduz eta eraikin eta espazio publiko garden eta seguru berriak diseinatuz; etxeko lanak eta pertsonak zaintzeko lanak egitea eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzea errazteko, “zaintzaren hirigintza” sustatuz; edo mugikortasun-planetan gizonek eta emakumeek garraio publikoa erabiltzen dute modu desberdina biltzeko. Bestetik, ekipamenduak etxebizitzetara hurbiltzeko aukera emateko, jarduera ekonomiko eta bizitegi-jardueretarako erabilera mistoko espazioak diseinatuz, eta joan-etorrien denborak laburtzeko; baita herritarrek parte hartzeko prozesuetan eta hirigintza-plangintza horiek diseinatu eta gauzatzeko talde teknikoetan emakumeen parte-hartze handiagoa sustatzeko ere.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 15era arte izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Genero-ikuspegia duten dokumentuak egiteko behar den laguntza teknikoa kontratatzearen ondoriozko gastuak finantzatuko dira, gehienez 23.000 €-ko zenbatekora arte udal bakoitzeko. Ezin izango dute diru-laguntza honen onuradun izan aurreko ekitaldietan lan horietarako esleipendun izan diren erakundeek, berariaz uko egin ezean.