Lan-merkatuko datu onak dira gaur Astekonomiaren abiaburuko gaiak: ekainean langabezia murriztea eta Gizarte Segurantzako afiliazioek gora egitea. Gai horiek, maiatzean industria-produkzioa (IPI) izandako beherakadarekin batera, edukiaren zati handi bat ematen diote asteko adierazle ekonomiko garrantzitsuenak biltzen dituen laburpen honi.
Ekainean, Lanbideren bulegoetan erregistratutako langabezia % 5,6 murriztu zen. Guztira, 105.400 langabe zeuden, ekain bateko zifrarik txikiena 2008tik. Langabezian daudenen artean, 44.000 gizonak dira, eta 61.400 emakumeak. Era berean, gazteen langabeziaren bilakaera nabarmendu zen (–% 6,5), batez bestekoa baino zertxobait gehiago murriztu baitzen.
Bestalde, Gizarte Segurantzako afiliazioak, ekainean, urte arteko % 1,6 egin zuen gora (aurreko hileko igoera bera). Zehazki, 1.002.954 afiliazio izan ziren. Hala, serie historiko osoko erregistrorik handiena gainditu da. Azken hilabeteetan bezala, emakumeek (% 1,9) gizonek (% 1,3) baino gehiago parte hartu zuten aurrerapen horretan.
Halaber, maiatzean, Euskadiko industria-produkzioa aurreko urteko hil berean erregistratutakoa baino % 2,4 txikiagoa izan zen. Beherakada honako hauen bilakaerak eragin zuen: ekipo-ondasunak (–% 0,5), bitarteko ondasunak (–% 2,4), energia (–% 10,9) eta, batez ere, kontsumo-ondasun iraunkorrak (–% 21,6).
Asteroko laburpen hau (Ekonomia Zuzendaritzak egina da “Astekonomia” izenarekin) minutu bateko iraupeneko bideo hauen oinarria da, gaurkotasun ekonomikoaren hedapena eta jarraipena erraztea helburu duten bideo hauena, hain zuzen.