Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak “Jardun biko irakaskuntzarako gakoak: oinarrizko erremintak eta estrategiak” UPV/EHUren udako ikastaroaren irekieran izan da. Bertan, gogorarazi du pandemia garaia “une egokia” izan zela, desgrazia osoaren erdian, digitalizazioaren gaiari heltzeko, “izan ere konturatu ginen ez geundela uste bezain prestatuta mundu digitalak eskatzen dituen beharrizanei modu egokian erantzuteko”. Hau horrela, apustu sendo bat egiteko beharra dagoela esan du, “aurrez aurreko jarduna alde batera utzi gabe, modu osagarrian, digitalizazioaren bitartez sortzen zaizkigun aukerak baliatzeko”.
Zentzu honetan, adierazi du Zupiria sailburuak garrantzi berezia hartzen duela irakasleen prestakuntzak eta, horrragatik, Jaurlaritzatik konpromisoa hartu zela, covid-aren ondorengo garai honetan, arlo honetan ere aurrera egiteko, “behar diren baliabideak eta prestakuntzak eskainiz, online bidez egin behar diren eginkizun horietan gaitasunez jokatzeko moduan izan gaitezen”.
Egungo bizi-erritmoek lanarekin eta familiarekin bateragarriak diren ikas-irakas ereduak eskatzen dituztela ematen du. Halaber, ezinbestekoa da ikas-irakas prozesuak pertsona bakoitzaren ikaskuntza-erritmoei egokitu beharra. Eszenatoki honetan badago, gainera, beste eragile bat: pandemiak sortarazitako ikas- eta irakas- esperientziak. Horregatik, litekeena da irtenbidea eszenatoki hibrido edo jardun bikoetan egotea, horietan konbinatuz modu sinkronoak eta asinkronoak.
HABEk antolatutako ikastaro honetan zehazki, jardun biko irakaskuntzaren marko teoriko-praktikotik abiatuta, esparru honetako esperientziak aurkeztuko dira. Horretaz gain eredu honetan jardun duten edo jardungo duten irakasleei baliagarriak gerta dakizkien zenbait estrategia eta erreminta ere aurkeztuko dira.
Informazio gehiagorako sakatu hemen.