Su artifizialak eta zezensuzkoak Donostiako Aste Nagusiaren gauetan protagonistak

Joselontxos txarangak Serafin Barojaren Iriyarena doinua joko du zezen suzkoen azken egunean udaletxeko terrazan zezensuzkoek ibilbidea egiten ari diren bitartean

Aurten ere su artifizialak izango dira Aste Nagusiaren gauetako protagonista nagusienetako bat. Donostia Festakek 58.Nazioarteko Su Artifizialen Lehiaketaren kartela eta egitaraua aurkeztu ditu, eta horiekin batera, su artifizialen ondoren suarekin “jolasteko” aukera ematen duten zezen suzkoen egitaraua ere.

Carlos Lecube Alberdi argazkilariak irabazi zuen 2022ko VI. Su Artifizialen Argazki Lehiaketa, eta beraz, argazki irabazlea da aurtengo kartelaren protagonista. Argazkia Castellóko Martí pirotekniaren suak bota zituzten gauen hartu zuen.

Kartelak lehiaketan parte hartuko duten zazpi piroteknien izenak iragartzen ditu, baita ohikoa den Aste Nagusia ixteko ikuskizun piromusikala ere. Ohi bezala, gauero su-etxe batek izango du ardura 22:45ean su artifizialen ikuskizuna eskaintzeko.

Abuztuaren 19an jakitera emango da nork irabaziko duen Urrezko Maskorra eta 7.000 euroko saria, eta Aste Nagusiari amaiera eman aurretik ohitura bihurtu den ikuskizun piromusikalaz gozatzeko aukera egongo da, Madrilgo Pirotecnia Vulcano-ren eskutik. Bertan jaurtiko diren su artifizialek Mocedades, Sorotan Bele, La Oreja de Van Gogh, Gatibu, Izaro, Fito eta En Tol Sarmientoren doinuak jarraituko dituzte.

Argazki lehiaketa

Adinez nagusiko edonork parte hartu dezake Aste Nagusiko su artifizialen VII. Argazki lehiaketan, baita adin txikikoek ere, baldin eta gurasoen edo legezko tutorearen baimena aurkezten badute. Abuztuaren 12tik 19ra bitarteko ikuskizun piroteknikoetan egindako argazkientzako lehiaketa da, eta parte hartzaile bakoitzak gehienez 3 argazki bidali ditzake, betiere, kamera digitalarekin bertikalean egindakoak eta 100x140cm-ko proportzioan.

Lehiaketaren oinarriak https://astenagusia.donostiakultura.eus web gunean ikusi daitezke. Irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du.

Zezensuzkoa

1984.urtetik aurrera su artifizialen ondoren zezensuzkoek hartzen dituzte erdialdeko kaleak, baina zezensuzkoaren jatorria XIX.mendeko hasierakoa da. Mila pertsonek, heldu zein haurrek, haien aurrean korrika egiten dute Cervantes plazatik Boulervard-eraino egiten den entzierro berezi honetan.

Aurten, abuztuaren 19an,entzierroen azken egunean, zezensuzkoek eta partehartzaileek ez dute ibilbidea bakarrik egingo, izan ere, Joselontxos txarangak Serafin Barojak 1881.urtean idatzi zuen Iriyarena Donostiako zezensuzkoaren soinu-banda joko dute Udaletxeko terrazan ibilbidea egiten duten bitartean.