Inkesta 4.369 pertsonari egin zitzaien (horietatik 2.576 emakumezkoak) eta erantzunen indizea % 72koa izan zen. Aipatutako promozioaren kasuan, okupazio tasa (lan ordaindua duten pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekiko), esan den bezala, % 90ekoa da; jarduera tasa (lan egiten duten edo lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa), % 93koa; enplegu tasa (lan ordaindua duten edo jarduera profesional independentea duten pertsonen ehunekoa pertsona guztiekiko), % 84koa; eta langabezia tasa (lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa pertsona aktibo guztiekiko,) % 10ekoa. Datuok sexuaren arabera aztertuz gero, alde txikiren bat dago ehunekoetan, eta gizonezkoen datuak emakumezkoenak baino hobeak dira. Horrela, gizonezkoetan okupazio tasa eta enplegu tasa bi puntu gorago dago, eta, beraz, langabezia tasa bi puntu beherago. Bereziki garrantzitsua den beste datu bat hauxe da: hogei bat titulazioren kasuan okupazio tasa % 100ekoa da edo horretatik oso gertu dago (horien artean, Euskal Filologia, Medikuntza, Odontologia, Erizaintza, Nautika eta Itsas Garraioa, Itsasketa, Industria Kimikaren Ingeniaritza, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Meatzaritza eta Energia Teknologiaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektrikoa, Arkitektura Teknikoa eta Biokimika eta Biologia Molekularra).
Eva Ferreira errektorearen iritziz, “okupazio tasak erakusten digu badagoela genero arrakalarik, eta hori landu beharra daukagu, baina, hala ere, datu guztiak oso modu positiboan baloratzen ditugu. Unibertsitateko ikasketek prestakuntza intelektual sendoa ematen digute, bai, baina datuon arabera, unibertsitatea, oraindik ere, eraginkortasun handiko tresna da epe labur eta ertainean irtenbide profesionala lortzeko itxaropena sendotzeko. Horren erakusle ditugu bai okupazio tasa, bai Ikasketei lotutako enplegu tasa, iazko datuekin alderatuta 3 puntu eta 2 puntu gorago baitaude, hurrenez hurren”.
Azterlaneko datu esanguratsuak
Lan egoerari dagokionez, % 75,19k besteren kontura egiten du lan; % 3,66k norberaren kontura; % 6,39k ikasten jarraitzen du; eta gainerakoen artean daude doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasunen bat dutenak, kooperatibetako bazkideak eta abar. Ikasketei lotutako enplegu tasa (hau da, egindako ikasketekin lotura zuzena duen lan batean aritzea) % 86 da. Lan batean hasteko batez besteko denbora 3 hilabetekoa da, lana bilatzeari ekiten zaionetik hasita. Okupazio tasan puntu batetik gorako aldea dago emakumezkoen eta gizonezkoen artean. Soldatari dagokienez, pixka bat txikiagoak dira emakumezkoenak; izan ere, batez besteko soldata 1.673€ da eta emakumezkoena, 1.637 €. Lanaldi partzialari dagokionez, gizonezkoen % 16k du aukeratuta lanaldi mota hori, eta emakumezkoen % 26ak. Bestalde, aztertu den promozioko pertsonen % 76 Euskal Autonomia Erkidegoan bizi da eta bertan egiten du lan, eta bakarrik % 3k egiten du lan atzerrian.
Batez besteko soldata eta lanaldiak
Lanaldi osoari dagokion batez besteko soldata 1.673 euro garbi da, 14 ordainsaritan. Arloaren arabera, hauek dira soldatak, handienetik txikienera: Osasun Zientziak (1.908 euro); Ikasketa Teknikoak (1.747); Giza Zientziak (1.620), Ekonomia eta Lege Zientziak (1.573), Gizarte Zientziak (1.538) eta Zientzia Esperimentalak (1.495). Emakumezkoen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da (gizonezkoek baino ia 5 puntu gehiago). Lanpostuen balorazioari dagokionez, hauek dira ondoen baloratutako alderdiak: lanpostuko eginkizunekin zerikusia daukatenak (7,9), lanean egonkortasuna izatea (7,6) eta soldaten zenbatekoa (7,0).
Laneratzeko bideak
Lan merkatuan sartzeko bide nagusiei dagokienez, honako hauek nabarmentzen dira: ingurune soziala eta profesionala (% 26,9) eta oposizioak (% 18,7). Horien ondoren agertzen dira curriculum vitaea eta enplegu zerbitzuan alta ematea (% 13, 9), unibertsitate ingurunea (% 13) eta eskaintza zehatzari emandako erantzuna (% 12,9). Eta horien ondoren, garrantzia gutxiagorekin: prestakuntza osagarria (% 5,5), curriculumetik kanpoko praktikak (% 4,3) eta autoenplegua (% 3,1). Hizkuntzei dagokienez, inkestatuen % 49k adierazi zuen egunero erabiltzen zuela euskara eta % 33k ingelesa.