Donostia Turismoak turismo jasangarri eta solidario baten aldeko apustua egin du. Horregatik, aurtengo udan abian jarriko den “Donostia jasangarri eta solidarioa” kanpaina berriak hiria eta bere ingurunea sustatu nahi ditu Donostia Turismoko bazkide diren tokiko ETE eta mikroenpresek antolatutako 50 esperientzia eta jarduera turistiko baino gehiagoren bitartez. Esperientzia hauek talde txikitan garatuko dira eta tokiko kultura, tradizio edo jardueren ingurukoak izango dira.
Kanpaina % 100 Internet bidez izango da eta hiria, bere ingurunea eta egin daitezkeen tokiko esperientziak ahalik eta modurik jasangarrienean sustatuko ditu 12 hilabetez. Bisitatzen gaituztenei lurraldeko baliabide turistikoak ezagutzera emateaz gain, DSS Turismoak kausa on batekiko konpromisoa hartu du eta tokiko komunitateko pertsona zaurgarrienei laguntzeko aukera eskainiko die bisitariei, Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren bitartez.
Kanpainan zehar, Donostia Turismoak bere online dendan eta bulego fisikoetan egindako produktu eta zerbitzu turistikoen salmenta guztien % 2 emango dio Gipuzkoako Elikagaien Bankuari. Horrez gain, komunikazio eta hedapen ekintzak egingo dira, turismoaren sektoreari lotutako enpresekin lankidetzan (tokiko 325 ETE inguru), Donostiako Elikagaien Bankuaren proiektuaren sozializazioa eta sentsibilizazioa sustatzeko. Enpresa bazkide guztiei luzatuko zaie proiektuarekin bat egiteko eta Elikagaien Bankuari dohaintza bat egiteko gonbidapena, DSS Turismoarekin batera egingo den ekintza globalaren esparruan.
Ekintza hori Donostia Turismoaren gizarte erantzukizun korporatiboaren lan ildoan kokatzen da, egoitza edo jatorria Gipuzkoan duten irabazi asmorik gabeko erakundeekin lankidetzan aritzeko konpromisoaren barruan. 2023-2024 denboraldian eta 12 hilabetetan zehar, lankidetza Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren onurarako izango da. Proiektuak aurrera jarraitzea da helburua, etorkizunean ere tokiko GKE honi edo beste batzuei lagunduta.