Bilboko Udalak herritarren esku jarriko ditu era bateko eta besteko informazio-kanalak, 2023ko Aste Nagusiko jarduera eta gertakari guztien berri izan dezaten xehe-xehe

Bilboko Udalak era bateko eta besteko komunikazio- eta informazio-kanalak prestatu ditu herritarrek 2023ko Aste Nagusirako programatutako jarduera eta ekitaldi guztien berri jakin dezaten xehe-xehe. Asmoa da bilbotarrek eta Aste Nagusian  hirira bisitan etorriko direnek jaiei buruzko intereseko informazio guztia izatea eskura.

Hala, bada, Udalak gomendatzen du, besteak beste, «Bilbo. Aste Nagusia 2023« APLIKAZIO OFIZIALA jaistea, bera baita errazena eta gertukoena informazio guztia jasotzeko.

Doako aplikazio bat da, IOS nahiz Android sistemetarako diseinatua, eta, beraren bidez, egitarau osoa kontsultatu ahal izango da, eta bilaketak eta kontsultak egin, eta lokalizaziorik zehatzenak ere bai ekitaldi eta jarduera batzuei eta besteei buruz. Halaber, aukera ematen du informazioa gustuen edo lehentasunen arabera norberarentzat egokitzeko.

Bestalde,  aplikazio ofizialak badu GEOKOKAPEN sistema bat, ekitaldiak unean bertan eta berehala kokatzeko, eta oso baliagarria da jakiteko, esate baterako, non dagoen une bakoitzean zehazki Erraldoien eta Buruhandien ekitaldia. Halaber, Google Mapeko GEOKOKAPENA era badu, zerbitzu batzuk eta besteak non dauden bistaratzeko, hala nola komunak, taxiak edo kontzertuetan dibertsitate funtzionala duten pertsonentzat gordetako lekuak. Bestalde, aplikazioarekin, erabiltzaileek aukera izango dute intereseko informazio orokorra eskuratzeko, hala nola larrialdietako telefonoak edo garraioak.                                                                                                                                                                                                                                                             Aplikazioak eskaintzen duen beste abantaila bat da Su Artifizialen Bilboko Uria Nazioarteko Lehiaketaren gaineko informazio guztia jasotzen duela, eta bera dela botoa emateko kanaletako bat, –– eta era horretan, hautaketan parte hartzearren ematen diren sariak lortzeko aukera izateko.

«Bilbao Aste Nagusia 2023″ aplikazioaren edukia diseinatzeko, irisgarritasun  unibertsaleko irizpideei jarraitu zaie, eta Irakurketa Errazeko formatua baliatu da, hizkuntza argi, erraz eta zehatza darabilena, eta ikusizko osagaiak ere bai, informazioa pertsona GUZTIENGANA iritsiko dela bermatuz, are, dela adinagatik, formazioagatik, hizkuntzagatik edo bestelako beharrizan zehatzengatik, irakurriz ulertzeko zailtasuna dutenengana ere.

Aplikazioa artez jaits daiteke Apple Storetik edo Play Storetik, edota QR kodea eskaneatuz ––jaietako egitarauan dator, eta baita 6 totemetan ere, bana jarriko baitira Europa parkean, Abandoibarra jai-gunean, Pergolan, Plaza Berrian, Gas plazan eta Arriaga plazan––, aplikazioa jaisteko aukera ematen baitu.

ASTE NAGUSIA UDALAREN SARE SOZIALETAN

Aste Nagusian jazoko den guztiaren berri jakin ahal izango da, orobat, Bilboko Udalak sare sozialetan dituen kontu ofizialen bidez: Bilbao Udala, Bilbao Jaiak, Bilbao Turismo, Bilbao Kultura…, zeintzuen bidez jazoko den guztiaren berri jakin ahal izango da, testuen, argazkien eta bideoen bidez.

WWW.BILBAO-ASTENAGUSIA.EUS

Udalaren www.bilbao.eus web orria ere izango da Aste Nagusian zehar herritarrentzako informazio-kanal bat.

Web-orriak badu eremu bat horretarako, berariazkoa eta erraz sartzekoa: www.bilboa-astenagusia.eus, non intereseko berri guztiak ipiniko baitira. Informazioarekin batera, ikus-entzunezko baliabideak izango dira eskura, hala nola argazkiak, entzuteko mezuak eta bideoak. Web-atari horretatik bertatik ere jaitsi ahal izango da jai-egitaraua.

Bestalde, harpidedunek beren posta elektronikoan jasoko dituzte newsletterak eta albiste-orriak, informazio guztia dakartela, era erraz eta eroso batean ezagutzeko jaien gaineko berriak unean-unean.

INFORMAZIOA BERTATIK BERTARA

Nahiago dutenek PRESENTZIALKI jaso ahalko dituzte argibideak, Jaietako Sailean (Aznar eraikina), Txikigunearen standean edo Plaza Biribileko —Terminus eraikina— zein Guggenheim Bilbao Museoko turismo bulegoetan.

Eta, amaitzeko, herritarrek halaber izango dute eskura Udalaren informazio-telefonoa: 94 4 010 010 (010).