Aurreko urteetan legez, Osasun eta Kontsumo Sailak txosnetan eta jai-esparruko beste establezimendu batzuetan banatzen diren edarien eta elikagaien higiene- eta osasun-egoera ona zainduko du.
Ildo horretan, instalazio horietan lan egingo duten pertsonei elikagaiak manipulatzeko ikastaroak eman zaizkie, eta alergiei eta elikagaien aurreko intolerantziei buruzko informazioa eman zaie.
Txosnen titularrek memoria sanitarioak epe barruan aurkeztu beharko dituzte. Horietan establezimenduen ezaugarriak, instalazioen ezaugarriak eta egingo diren jarduerak azaldu beharko dituzte, besteak beste.
Informazio hori aztertuko da eta instalazioak osasun-arauei egokitzeko beharrezkotzat jotzen diren aldaketak proposatuko dira. Gero, jai-esparrua inauguratu aurretik, lehenengo ikuskapena egingo da, zeinetan bi albaitarik eta bi laguntzailek parte hartuko baitute. Ondoren, aldian behin ikuskapenak egingo dira txosnak irekita dauden denbora guztian.
Gainera, Álvaro Pérez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak gogorarazi duenez, «Aste Nagusian ere ikuskapenak egingo dira uriko gainerako elikagai-establezimenduetan, eremuan egiten den ohiko kontrol-jardueraren barruan».
Álvaro Pérez zinegotziak jendeari gogorarazi nahi izan dio: “baimenik gabeko kale-postuetan saltzen den janariak ez dauka honelako kontrolik gainditzen, zeinak salgai dauden produktuen segurtasuna bermatzen baitu. Beraz, gomendatzen dugu janaririk ez erostea halako postuetan”.
Era berean, Osasun eta Kontsumoko teknikariek desinfektatzeko eta intsektuak hiltzeko lanak egingo dituzte ekipamendu mugikorren bidez, garbiketa-zerbitzuek lan egiteko zailtasunak dituzten eremuetan (arkupeak, etxabeak, etab.), produktu desinfektatzaileak eta usaina kentzekoak aplikatuz.
ADIKZIOAK PREBENITZEKO EKINTZAK 2023KO ASTE NAGUSIAN
Adikzioen VI. Udal Plana adin nagusiko gazteei zuzenduta dago eta helburu hau dauka: «drogak eta/edo apustu bidezko jokoa erabiltzen dituzten gazteak kontsumoei lotutako arriskuen inguruan sentsibilizatu, informatu eta prestatzea eta autozaintzarako jarraibideak proposatzea».
Testuinguru horretan, aurreko urteetan bezala, abuztuaren 19tik 26ra bitarteko gau guztietan, kalean informazio pertsonalizatuko guneak instalatuko dira. Gune horietan, gazteek osasunari eta drogei buruz eta substantzia horiekin lotutako arriskuen kudeaketari buruz egindako eskaerei erantzungo zaie.
Informazio guneak gauero egongo dira erabilgarri, 00:00etatik 03:30era, eta uriko leku hauetan egongo dira:
- Jaiei eta alkoholari buruzko kanpaina, Udaletxeko zubian egongo den karpa batean, Erripa kalearen izkinan. Alkoholaren kontsumo-mailak modu pertsonalizatuan aztertuko zaizkie adin nagusikoei eta alkoholaren gehiegizko kontsumoaren ondorio negatiboei buruzko informazioa emango zaie, prebenitu ahal izateko, beren burua zaintzeko jarraibideak emanez.
- Substantziak testatzeko programa karpa atxikita daukan furgoneta batean, Arriaga antzokiaren atzealdean. Adinez nagusi den erabiltzaileari jakinaraziko zaio zer konposizio daukan testatzeko ekarri duen substantziak eta aztertutako substantzia kontsumitzeko jarraibideak emango zaizkio, horren ondoriozko arriskuak minimizatzeko. Era berean, aholkularitza handiagoa emango da drogen kontsumoan arriskuak murrizteari buruz, baldin eta ingurumen-baldintzek ahalbidetzen badute eta erabiltzaileak eskatzen badu edo entzuteko prest badago.