Hamahiru film labur hautatu dituzte Nest sailerako 53 herrialdetako 209 eskolen 421 proposamenen artean; horrek esan nahi du sekula baino hautagai gehiago inskribatu direla Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen nazioarteko topaketa honetan. Aurreko urtearekin alderatuta, % 20ko gorakada izan dute inskribatutako proposamenek, eta jatorrizko zentroek % 30eko igoera izan dute.
Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailaren xedea urteko zinema-ekitaldi nabarmenetako batean mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen lanak ezagutaraztea da, oraineko eta etorkizuneko zinemagileak izaki. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko toki bat izateaz gain, Nest ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topagunea ere bada: nola zinemari buruz elkarrizketan aritzea hala prestakuntzaren eta mundu profesionalaren arteko gurutzaketa faboratzea ahalbidetzen du Zinemaldiak gaitutako gune horrek.
THE MEDIAPRO STUDIO Gidoigintza Masterrak ere helburu hori sustatzen du, eta horregatik, Donostia Zinemaldiak Nestekin lankidetzan aritzeko hitzarmen bat formalizatu du THE MEDIAPRO STUDIOrekin; horrenbestez,Gidoigintza Masterraren hainbat ediziotako hamar ikaslek parte hartuko dute Nestek Zinemaldian zehar antolatutako jardueretan, esaterako, hautatutako film laburren emanaldietan eta nola industriako profesionalek hala sailen batean beren filma aurkeztu eta lehian ariko diren nazioarteko zinemagile ospetsuek emandako solasaldi eta eskola magistraletan. Halaber, akordioaren ondorioz, saileko sari ofizialaren izena Nest The Mediapro Studio Saria izatera aldatuko da XXII. edizio honetan.
Belgika, Kolonbia, Espainia, Herbehereak, India, Japonia, Lituania, Mexiko, Polonia, Portugal eta Suitzako hamalau zinema-ikaslek euren lanak aurkeztu eta proiektatuko dituzte irailaren 25etik 29ra, zinemagileen eskola magistraletara joango dira eta industriako profesionalekin topaketak egingo dituzte. Hautatutako lanetan hurbilketa formalak eta tematikoak gauzatzen eta fikziozko lanak eta ez-fikziozkoak jasotzen dira, indarkeriaren ondorioei, espazio publikoaren ikonografiei, utopia politikoei, genero-konbentzioei edo dolu-prozesuari buruzko begirada pertsonalez betiere. Zinemaren munduko pertsona ospetsu batek eta hautatutako eskoletako ikasleek osatutako epaimahai batek saria emango dio emakumezko hamaika zuzendarik eta gizonezko hiru zuzendarik zuzendutako hamahiru filmetako bati. Sari horren bidez 10.000 euro jasoko ditu film labur irabazleak.
2002an sortu zenez geroztik, Nest Donostia Zinemaldiko sail garrantzitsuenetako bat da Zinemaldiak talentu berriak bultzatzeko ezarrita duen estrategiaren barruan. Nest Sailak 1.000 zinemagile gaztetik gora hartu eta 370 film labur baino gehiago hautatu ditu, ehun bat eskola magistral eta elkarrizketez gain zinema-industriako profesionalekin, hala nola hauekin: Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne, Bertrand Bonello, Elena López Riera edo Jean-Baptiste de Laubier. Sorkuntzen iturburutzat jotzen da Nest, eta geroago euren hurrengo lanak nola Donostian hala nazioarteko zirkuituko beste jaialdi entzutetsu batzuetan estreinatu dituzten hainbat zuzendariren lanak erakutsi dira bertan. Horren adibide dira, besteak beste, Raven Jackson, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Jerónimo Quevedo, Laura Wandel eta Grigory Kolomytsev.
Ikasleen topaketa egin bitartean, Tabakalerako Medialabeko Estudioan Nest sailaren historian saritutako film labur guztiak proiektatuko dira etengabe. Sarrera librea da.
THE MEDIAPRO STUDIO erreferentziazko zentroa da sektorean, baita lanbide-garapenaren bermea ere. 23/24 ikasturte honetan, Unibertsitate Konplutentseko Informazio Zientzien Fakultateko Gidoigintza Masterra Bartzelonan ere emango da lehendabizikoz, ESCAC Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Mailako Eskolarekin. Katalunian egingo den masterrak Madrilgoaren irakaskuntza-programa berdin-berdina izango du, industrian diharduten profesional handien inplikazioaz gainera. Profesional horiek tutore eta irakasle gisa jardungo dute bi hirietan. Iván Escobar, Sergi Belbel, Clara Roquet, Daniela Fejerman, Dani Monedero, Sergio Sarria, Carmen Ortiz, Nacho Cabana, Rubén Ontiveros, Elvira Mínguez, Vanessa Villar, David Lillo, José Pérez Ledo, Mónica Artigas, Jordi Rosel eta Elena Neira dira profesional horietako zenbaitzuk. THE MEDIAPRO STUDIOren Gidoigintza Masterra generoetan eta edukietan espezializazio globala eskaintzen duen bakarra da, eta fikzioari eta ez-fikziozko edukiei zuzendutako moduluak barne hartzen ditu. Horrez gain, proiektuak aurkezteko moduari buruzko prestakuntza espezifikoa eskaintzen du (horri esker, etorkizuneko gidoigileek egungo ikus-entzunezkoen merkatuaren nazioarteko errealitateari buruzko ikuspegi osoa dute), ikasle guztiei THE MEDIAPRO STUDIOren ekoizpenetan praktikak egitea bermatzeaz gain.